Sailkapeneko zazpigarren postuan dago Athletic, liga txapelketea amaitzeko hamabi jardunaldi geratzen diranean. Valladoliden irabazita, zuri-gorriek aurrea hartu deutse Rayo Vallecanori eta Osasunari. Iraolaren taldeak bardindu egin eban etxean eta nafarrek galdu egin eben Sadarren. Alde horretatik, ondo. Beste alde batetik, ostera, Vila-realek eta Betisek irabazi egin eben eta sailkapeneko seigarren postua bost puntura dauka Ernesto Valverderen taldeak. Edozelan be, ez dogu ahaztu behar baleitekela sailkapeneko zazpigarrenak Conference League jokatzeko aukera izatea, kopea Bartzelonak edota Real Madridek irabazten badabe. Esan beharrik ez dago, Europarako biderik laburrena kopatik etorriko litzakeela. Beste era batera esateko, Athleticek partidu bira dauka datorren denporaldian Europan jokatzeko txartela. Horretarako, baina, Osasuna kanporatu eta kopako finala irabazi beharko leuke.
Puntuak eta sailkapenak alde batera itxita, Jose Zorrillan jokatu eta irabazitako partiduak urrearen balioa dauka Athleticentzat. Izan be, Valverderen gizonek nagusitasun handia erakutsita irabazi eben Valladoliden aurka, eta Valverdek esan eban legez, mamuak uxatu egin ditue zuri-gorriek.
2022-23 denporaldia une erabakigarrian sartu da eta Athleticek zabalik ditu ate guztiak, ligan eta kopan. Wanda Metropolitanon hasitako bolada txarra etetea lortu ostean, Valverderen ekipoak mailarik onena emon behar dau ikasturtea amaitzeko geratzen diran partiduetan. Orain arte euki ez dauen erregulartasuna erakutsi behar dau. Ahalegin horretan, esan beharrik ez dago, Iñigo Martinezen itzulerak sendotasuna emon deutsola taldeari. Erasoari jagokonez, Valverdek hegalean ipini eban Iñaki Williams Valladoliden aurkako partiduan eta aurrelariaren errendimenduak hobera egin dauela esan geinke. Williams anai biak oso arrikutsuak dira hegaletan.
Valverdek lau eguneko atsedena emon deutse jokalariei denporaldiaren azken txanpeari ekin aurretik. Hurrengo partidu biak San Mamesen jokatuko ditu talde zuri-gorriak, Getaferen aurka ligan eta Osasunaren aurka kopan. Denporaldi honetan uste eta nahi baino puntu gehiago galdu arren, Athleticek irabazi egin behar ditu partidu bi horreek Katedraleko zaleriaren bultzadea baliatuta. Osasunaren aurkako partidurako sarrera guztiak salduta, San Mames irakiten egongo da finalerako sailkapenaren bila. Valladoliden hasitako bidetik segidu behar da.