Bizkaia Irratiko Jira Biran saioan egon dira Marimotots eta Porrotx Durangoko Azokatik. Euskal pailazoek azaldu dabe azokea izan dala urteotan euren “etxeetako bat”, eta gaur egun be arnasa emoten deutsala bai eurei bai euskal kulturgintzari.
Durangoko Azokan bizitzen daben giroaz eta bertan sortu dan komunidadeaz berba egin deuskue. Marimototsek eta Porrotxek gogoratu dabe ume ziran garaian eurengana hurreratzen ziranak, gaur egun gazteak edo gurasoak dirala, euskal kulturarekiko maitasuna belaunaldiz balaunaldi transmitidu dala nabarmenduz.
Euskararen eta euskal kulturaren aldeko aitortza instituzionala, politikoa eta juridikoa indartu daitela be eskatu dabe. “Eskola kultura” be aldarrikatu dabe euskal pailazoek. Azokan ikusten dan giroa, urte osoan zehar ikastoletan eta eskoletan be egotea nahiko leukiela esan dabe.
Marimotots eta Porrotx pailazoek euren lan barriak aurkeztu dabez 60. Durangoko Azokan. Alde batetik, Irri berri ipuin ilustratua eta abestia eroan dabe, hezitzaileei eta gurasoei zuzendutako proposamena. Bestetik, Zerua lapurtu duteizeneko karta-jokoa.
