FIG Bilbao 2026k bertoko eta nazinoarteko 60 erakusketari baino gehiago bilduko ditu

Bilboko Paper gaineko Grabatu eta Artearen Nazioarteko Jaialdiaren 15. edizinoa ospatuko da azaroaren 26tik 29ra Euskalduna Jauregian

Marta Barragan: “Azoketan sortzen diran sinergiak oso garrantzitsuak dira”

60 erakusketari baino gehiagok erakutsiko dabez euren proposamenak / FIG Bilbao

FIG Bilbao 2026, Bilboko Paper gaineko Grabatu eta Artearen Nazioarteko Jaialdiaren 15. edizinoa ospatuko da azaroaren 26tik 29ra Bilboko Euskalduna Jauregian, obra grafikoari eta paper gaineko arteari eskainitako Europako hitzordu nagusietako bat dala berretsiz. ARTHAZI Artea Sustatzeko Kultur Elkarteak antolatuta, jaialdiak artisten, galerien, komisarioen, bildumagileen, kultur erakundeen eta hainbat herrialdetako publiko espezializaduaren topagune bihurtuko dau barriro Bilbo.

Horren harira, Marta Barragan artista eta EHUko irakasleagaz egin dogu berba. Barraganek 10 urte inguru daroaz parte hartzen, hasieran Grafia kolektiboagaz, eta orain Hazia Grafegaz: “Azoketan sortzen diran sinergiak oso garrantzitsuak dira”. Lau egunetan, Bilbo Europako estanpa eta bildumagintzaren zirkuituaren barruan kokatzen laguntzen dauan ekitaldi batean, 60 erakusketari baino gehiagok erakutsiko dabez euren proposamenak, galeria, tailer, ekoizpen grafikoko zentro, kultur erakunde eta proiektu espezializaduen artean.

15 urte honeetan zehar, FIG Bilbaok nazinoarteko lankidetza-eredu bat bultzatu dau, eta eredu horren protagonistak herrialde gonbidatuak izan dira, esaterako Argentina, Frantzia, Australia, Taiwan, Peru, Portugal, Japonia, Erresuma Batua, Lituania, Maroko eta Italia. Hala, kultura-trukeak, erakusketak, egoitzak eta mugikortasun-programak sortu dira, euskal jaialdiaren eta sektore artistikoaren kanpo-proiekzinoa indartzeko.

Italia, 2026ko edizinoko protagonista

Edizino honetako barrikuntza nagusia Focus Italia programa izango da, Italiako sorkuntza grafikoa jaialdiaren programazino artistiko eta akademikoaren erdigunean kokatuko dauan proposamena. Erakusketa, topaketa profesional, tailer, hitzaldi eta mugikortasun programen bidez, publikoak Italiako grafika garaikideko erakunde, artista eta joera garrantzitsuenetako batzuk ezagutu ahal izango ditu. Proiektuak Daniela Amandolese ikertzaile, kultur kudeatzaile eta biodiseinatzaile italiarraren komisariotza izango dau, artearen, teknologiaren, eta jasangarritasunaren arteko alkargunean espezializadua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00