Alkarrizketa eran osotu dabe 'Martxelo Otamendi: handira jotzeko kazetariza' liburua

Bost ataletan banatutako liburua da 'Martxelo Otamendi: handira jotzeko kazetaritza'

Martxelo Otamendiren ibilbide oparoa Garbiñe Ubedak egindako liburuan

Martxelo Otamendi eta Garbiñe Ubeda / Bizkaia Irratia

Martxelo Otamendiren ibilbide oparoa batu dau Martxelo Otamendi: handira jotzeko kazetaritza liburuan Garbiñe Ubedak. Alkarrizketa luzeak euki ditue bien artean lan hau osotu ahal izateko, eta argitaratu be alkarrizketa eran egin dabe.

Otamendiren ertz ezbardinak lantzen ditu Ubedak liburu honetan, euskaldun kontzientzia hartzen hasi zanetik abiatuta. Bost ataletan banatuta dago liburua eta hainbat gai aztertzen ditue lanean zehar. Martxelo Otamendik berak kontetan dau noiz jaubetu zan euskeraz egitearen garrantziaz eta handik aurrera emondako pausoak. ETBn hasi zan lanean eta Bat Formulako esataria be izan zan luzaro. Beti jokatu dau ausardiaz, beti egin dau aurrera eta proposatu deutsienari baietza emon deutso gehienetan.

ETBn egoala, Euskaldunon Egunkaria zuzentzeko proposamena jaso eban. Erantzuna emoteko denporea eskatu baeban be, laster emon eban baietza. Hasieran ikasten egon zala kontetan dau, nahiko isilik, ekienari entzuten. Bere asmoa beti izan dala euskeraz egindako egunkaria beste guztien pare egotea eta ez izatea bigarren mailakoa. Holan ba, laster hasi ei zan kazetariak Olinpiar jokoetara eta nazinoarteko beste gertakari batzuetara bialtzen, beste batzuk egozan lekuan egon behar zalako.

Galtzaundi euskera alkartearen eta Galtzaundi foroak izandako oihartzunaz be egiten dau berba. Atal berean Euskaldunon Egunkaria zarratu eben garaia gogoratzen dau, zelako egunak izan ziran, kartzelako egotaldia, torturak eta torturak salatzeko hasi eban bidea.

Zuzendari zereginaz hausnartzen dau. Baita Kataluniaz, euskereaz, kazetaritzeaz eta Euskal Herriaz be.

Liburuaren amaieran bere inguruko pertsona batzuen begiradak batu ditu Garbiñe Ubedak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00