
Ikastolen Elkartearentzat ikasleen matrikulen kudeaketa barriak ez dau segregazinoagaz amaitzeko balio. Orain hiru urte ezarri eban Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailak matrikulazino prozesua arautzeko dekretua. Ikastolen Elkartetik esan dabe dekretu honek albo kalteak eragin dauazala eta ikastolei kalte egin deutsela. Segregazinoari ez deutsola modu eraginkorrean aurre egiten ziurtatu dabe. Nekane Artolak, Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Bizkaia Irratian esan dau gaur, gitxi gorabehera matrikula arrunta egiten danean ikasle zaurgarrien kopurua %35koa dala eta matrikula bizia egiterakoan %65koa. Ikastolek, lehen baino ikasle zaurgarri gehiago hartu arren, oraindino gaitasuna izaten jarraitzen dabela esan deusku. Ikasleen zaurgarritasun-indizea kalkuletako dagoan formulea ez da egokia Ikastolen Elkartearentzat. Dinoenez ez dago adierazle objetiboen arabera egina. Matrikulazino bizian heltzen diran ikasleen banaketea ez dala orekatua aipatzen dabe. Zonifikazinoakaz apurtu beharra gaineratzen dabe.
Proposamenak eta neurriak
Ikastolen Elkarteak proposamenak egin dauz egoerea ikusita. Zaurgarritasun indizea kalkuletako datu eta adierazle objetiboetan oinarritutako formula barri bat garatu nahi dabe. Herrietako eragin-eremuen diseinua barrikustea proposatzen dabe. Udal matrikulazino bulego neutroak sortzeko proposatzen dabe edo hezkuntza zerbitzu publikoa eskaintzen daben ikastetxe guztiei trataera berbera emotea. Bestalde, Ikastolen Elkarteak, neurri batzuk jarriko dauz abian. Besteak beste, ikastola bakotxak beka-sistema propioa izatea. Ikasle guztien sarbide unibersala bermatzea lortu gura dabe era honetara.
Euskerea etxetik ez dakarren ikasleei begira, eurak euskalduntzeko plan barri bat garatuko dabe eta ikastolea aukeratu daben familia guztiek, ikastolan jarraitzeko aukerea bermatzeko neurriak hartuko dabez. Egindako hausnarketa eta proposamen honen barri badauka Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak. Ikastoletatik ziurtzat emoten dabe euren ezinegona eragile guztiek daukiela. Balorazino partekatua eta harreman jarraiagoaren beharra azpimarratu dau Nekane Artolak.