Matxismoak eta diskurso antifeministak forma barriak hartzen ari dira, baina horrek ez dau esan gura horreen atzean dagozan desbardintasunek eta indarkeriek indarra galdu dabenik. Horri buruz hausnartzeko, Berdintasunerako XXI. Jardunaldiak antolatu ditu Galdakaoko Udalak. Egitasmoa gaur eta bihar izango da, azaroaren 26an eta 27an, Gaurko mozorroak, betiko matxismoak. Identifikatu eta izendatu lelopean, eta egungo matxismoaren adierazpenak, antifeminismoaren diskursoak eta horreei aurre egiteko tresnak izango ditue hizpide, Amets Iturbe Galdakaoko bardintasun zinegotziak aurreratu deuskunez.
Jardunaldiak goizez egingo dira, Torrezabal Kultur Etxean, eta hainbat adituk hartuko dabe parte. Besteak beste, eguneroko matxismoa, manosfera eta sareetako indarkeria, legeek eta erakundeek emoten dabezan erantzunak, ikuspegi feminista eta antirrazista, eta ekintza kolektiboaren garrantzia landuko dabez. Gai horreetan sakondu ondoren, alkarrizketarako eta eztabaidarako tartea be izango da. Ganera, gaur arratsaldeko 19:00etan, Libres de acoso. Del testimonio a la reparación dokumentalaren aurkezpena eta solasaldia egingo dira. Testigantzetan oinarritutako ikus-entzunezko lana da, eta ekimena Mundu Bakean alkarteak antolatu dau, Erabide Elkartearen laguntzagaz.
