Osagileek astebeteko huelga aldia hasi dabe gaur, eta euren aldarriei jaramon egin ezean, gehiago be badaukiez iragarrita. Eskaria zein dan? Medikuentzako Estatutu Marko propioa. Espainiako Osasun Ministerioak bultzatutako Estatutu Markoaren proiektua eginda dago eta hainbat sindikatuaren oneritxia dauka, baina medikuek dinoe ez dabela negoziazinoetan parte hartzeko aukerarik euki.
Beraz, medikuak ez dagoz orain arte negoziatutakoagaz ados, eta euron berezitasunak aintzat hartzeko eskatzen dabe. Huelga egun batzuk egin izan ditue eta, esan dogun moduan, asteon be bost egingo ditue, astelehenetik barikura. Arrazoien barri emoteko, Joseba Artaraz medikua geugaz izan da Goizeko Izarretan irratsaioan.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzatik behin eta barriro dinoe Osakidetza harribitxia dala eta zaindu egin behar dala. Bestetik, sindikatuek gabezia asko dagoala eta osasun arloaren egoerea gero eta okerragoa dala salatzen dabe. Artarazek esan deuskunez, osasun sistema okertu da azken hamarkadetan: “1997an hasi nintzan Osakidetzan beharrean. Gauzak asko aldatu dira okerrerantz”.
