Glavistako langileen batzordeak agerraldia egin eban atzo Eusko Legebiltzarrean

Iñaki San Andres (ELA): "Ermuko Microdeco lantegian deslokalizazino kasu argia gertatzen dabil"

Microdecon 35 behargin kaleratu dabez, horreen artean lantegiko andra danak

Iñaki San Andres (ELA sindikatua) / Bizkaia Irratia

Autogintzarako piezak ekoizten dabez Laudioko Glavistan eta Ermuko Microdeco enpresetan. Ermuko Microdecon kaleratze asko egon dira dagoeneko eta Laudioko Glavista sarratzeko mehatxua jarri dau zuzendaritzak mahai gainean.

Microdeco

Orain dala aste gitxi lantegi bietako beharginek Bilbon manifestazino handia egin eben euren lanpostuen defentsan. Iñaki San Andres ELA sindikatuko kidea da eta lan gatazka bi honeek gertutik jarraitzen dabil. Goizeko Izarretan saioan esan deuskunez Microdecon ehundik gora langile izatetik 52 izatera pasa barri dira. Azkeneko asteetan izandako kaleratzean lantegiko andra danak kanporatu dabezala kontau deusku. “Lana badago, behargin guztiak beharrezkoak dira. Egoera honetara zuzendaritzaren kudeaketa txar baten ondorioz heldu gara. Produkzinoa Mexikora eta Errumaniara eroan dabe” salatu dau San Andresek.

Tecpolio enpresak Microdeco erosi gura dau. “Guk dinogu kanporatutako langileak be mantendu beharko litzatekela, enpresa barri horretan gero guztiek lan egiteko aukerea egongo litzatekelako. Bezeroak badagoz euren produktua eskatzen” azaldu deusku San Andresek.

Glavista

Laudioko Glavista enpresan egoerea korapilotsuagoa da oraindik. Beharginen lanpostuak eta enpresaren jarduna mantentzeko lantegia eta lurzorua jaube barri baten esku izten ahalegindu dira, baina lurraren jaubea dan Guardian enpresak ez dau saldu gura. Glavistako beharginen batzordea Eusko Jaurlaritzagaz harremanetan jarri da. Jaurlaritzak dino langileen etorkizuna bermatu leiken lurzoruaren salmenta bermatzeko Guardian enpresea presionau leikela. “Jaurlaritza hasi da bide horretan lanean baina guk gehiago eskatzen deutsagu, behar izanez gero lurzoruaren espropiazinoa egitea” zehaztu dau ELAko kideak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular