
Mikel Baza familia medikuarentzat, obesidaderena arazo kolektiboa da eta neurriak maila askotan hartu behar dira. Obesidadearen munduko eguna da martiaren 4.na. Osasunaren Munduko Erakundea aspalditik dabil esaten obesidadea, izurrite kontsideratzeko neurrietara heldu dala. 1975. urtetik egia esan, gizentasuna hirukoiztu egin da munduan. Altuerea eta pisua kontuan hartuta ataraten dan indizeagaz neurtzen da pertsona batek obesidadea daukan. Bizi-baldintzak eragin handia daukiela esan behar. Emakumeen artean kasu gehiago dago. Mikel Baza familia medikuak aipatu dauanez, emakumeek zaintza arloa beregain hartzeak euren buruarentzat denbora gitxiago hartzea dakar, ondorioetariko bat obesidadea izanik.
Ondorio kaltegarriak
Obesidadeak ondorio garrantzitsuak daukaz. Heriotza eragiteko moduko arazoak eragin leikez. Diabetesa moduko gaixotasunak izan leikez gizen dagoan pertsona batek. Bilboko Zientzia Medikoen Akademiak eta IMQk egin daben ikerketa baten arabera, Euskadin obesidadea daukien pertsonen %35ak Mellitus tipoko diabetesa dauka. Osakidetzak bestalde, 2021. urtean jarri eban abian Mangolsen Bidaia izeneko programea haurren obesidadea saihesteko. Laurehun familia baino gehiagok hartzen dau parte honetan. Holango programak ondo dagoz, baina Mikel Baza medikuarentzat maila desbardinetan hartu behar dira neurriak. Aktibo egon eta elikagai batzuk dietatik kentzeko aholkua emon deusku medikuak, edari freskagarriak edo opil industrialak esate baterako. Arazoa egon badago, baina lodifobia be bai. Bazak aitortu dau osasun sisteman bertan be badagoala lodifobia. Gizentasuna ez dala kontu indibiduala esan dau, arazo kolektiboa da.