Industria geurean zelan dagoan jakin nahi izan dogu gaur, ziurbakotasun egoerea bizi dogulako. Hori beste gai batzuen artean, eta argibideak emoteko geugaz euki dogu Mikel Jauregi Industria, Trantsizino energetiko eta Jasangarritasun sailburua. Jauregik Tubos Reunidos enpresaren azken ordua plazaratu deusku: “Hartzekodunen konkurtsoan sartu da enpresa. Prozesua aurrera doa, eragile guztiokaz berbetan. Gauza bi egiten dabilz: funtzionetan jarraitu eta etorkizuna aztertu”. Behin hartzekodunen konkurtsoan sartuta, beste ate batzuk zabaltzen dira: “Zorra murrizteko aukerea heltzen jako enpresari. Orain, bide legal hori zabalik dago”. Inbersore barriei jagokenez, interesdun batzuk badagoz, baina “proposamen zehatzak” behar dira administratzaileak eta epaileak aztertzeko. Dana dala, sailburuak argi dauka inbersore barria beharrezkoa dala Tubos Reunidosen etorkizuna bermatzeko.
Dana dala, adibide positiboak be badagoz, Sestaoko ArcelorMittal enpresarena tartean. 150 milioi euro inbertidu ondoren, planta prest egongo da 1,6 Mt ekoizteko gehienezko gaitasunera iritsi ahal izateko, eta 2008tik ez zan horrelakorik gertatzen. Beraz, euskal industriaren egoerea egonkorra da: “Euskal industria hazten dabil. 2.000 lanpostu industrial gehiago dagoz momentu honetan orain dala urte bigaz alderatuta. Europako gainbehera ikusita, Euskadiko industria egonkortu da. Industria da Euskadiren ongizatea, aberastasuna eta aurrerapena bermatzeko tresna“.
Bestalde, CEBEKetik dinoe lan gatazkak, lan kostu handiak, absentismo handia… arazoa dirala eta sindikatuen jarreren kontra agertu dira. Eusko Jaurlaritza erdian dago: “Ulergarria dan moduan, bakotxak bere ikuspuntua azaltzen dau. Kasu honetan, geu erdian gagoz”. Bitartean, inbertsinoak, enpresak edo erabakiguneak hemen mantentzea eta ez dagozanak erakartea be garrantzitsua da. Horretarako, Euskadiren indarguneak bultzatu behar dira, oztopoak gainditzeko.
