Mikel Jauregizar Albonigak jauzi ikaragarria emon dau azken hilabeteetan. Aurreko urteko udan, erdilari bermeotarrak ez ekian Basconian ala Bilbao Athleticen ekingo eutson denporaldiari. Handik hilabete gitxira, Ernesto Valverde, lehen taldeko entrenatzailearen deia jaso eban eta lehen minutuak jokatu ebazan Cayonen aurka abenduan, kopa txapelketako partiduan. Beste bederatzi partidutan zelairatu eban entrenatzaileak 23-24 denporaldian. Aurten beste urrats bat emon dau Mikel Jauregizarrek. Valverdek bost bider sartu dau hasierako hamaikakoan eta beste hiru partidutan be zelairatu dau. Ganera, erantzun ederra emon deutso entrenatzaileak beregan jarritako konfiantzeari.
Mikel Jauregizarregaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean. Hogei urte bakarrik euki arren, oso mutil heldua da. Berak aitortu deusku ez ebala itxaroten hainbeste minutu jokatzea, bere aurretik goi mailako jokalariak dituelako zelai erdirako. Garbi dauka hankak lurrean mantendu behar dituela. Bizimodua ez jakola lar aldatu esan deusku. Egunero Lezaman entrenamenduak euki arren, unibersidadera joaten da eta astia dauka bere lagunekaz egoteko. Betiko kotxea dauka, bere aitaren lagun bateri erositakoa. Baikor dago etorkizunera begira eta garbi dinosku Athleticek denporaldi ona egingo dauela.