Artedrama konpainiak dakar taula ganera Amets Arzallusen liburua

Luhuson estreinatu ostean, Arriagan lehen emonaldiak Hego Euskal Herrian

“Miñan”, Ibrahima Balderen bizitza, antzokian

"Miñan" antzezlana / Bizkaia Irratia

Artedrama konpainiak dakarren antzezlan barria da Miñan, Amets Arzallus eta Ibrahima Baldek argitaratutako liburuan oinarritutakoa. Luhuson estreinau dabe eta Hego Euskal Herrian Arriagakoa da lehen emonaldia. Timberlake Wertenbaker dramaturgo, gidoilari eta itzultzaile ingelesaren ideia izan zan liburua taula ganera eroatea eta berak izan dau egokitzapenaren ardurea. Londresen hasi zan konpainia desbardinakaz berbetan baina ideiak ez eban aurrera egin. Antza danez, orain jarri dira horretan. Artedramak, dana dala, ideiari ekin eutson eta antzezlana sortu dabe. Ander Lipus zuzendariak aipatu deuskunez, Amets Arzallus eta Ibrahima Baldegaz egin eben berba aurretik, eta kosta egin jakien ideia onartzea.

Amets sorkuntza prozezuan

Ibrahima Balderen bizitzaren kronikea egiten da liburuan. Ginearra bere anaia txikiaren bila atara zan etxetik, amak eskatuta eta Europara bidean zein Europara helduta bizi izandako gosea, egarria eta min handia kontetan da Miñan liburuan. Antzerkian, pasarte esanguratsuenak azaltzen dira. Philipe Ducau Parisko koreografoa izan dau lagun Ander Lipusek zuzendaritza lanetan. Antzezlana zuzentzeaz gain, aktoreetariko bat be bada Lipus, Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kayegaz batera. Jose Pablo Arriaga markina-xemeindarra arduratu da eszenografiaz eta Ikerne Jimenez jantzietaz. Lipus oso eskertuta azaldu da lan-talde osoagaz. Era berean, azpimarratu egin dau Amets Arzallusek sorkuntza prozezuan izandako parte-hartzea. Bilboko Arriaga antzokian ikusi ahal izango da gaur eta bihar Artedrama konpainiaren Miñan. Aurrera begira beste 80 bat emonaldi daukiez hitzartuta. Antzokietan ez eze, ikastetxeetan be erakutsiko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00