
Planik Plan irratsaioaren emonaldi barri bati ekin deutsagu asteon Bizkaia Irratian. Barikuro, astegoienean zehar Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa burutzen dogu, geure lurraldean zer egongo dan jakin eta gura dozuen plana egin daizuen. Astegoien honetatik Mississippi Queen & The Wet Dogs, Benizze eta Love of Lesbianen kontzertuak nabarmendu doguz.
Barikua
Astegoien honetan plan asko egongo dira egiteke Bizkaian, barikutik hasita. Esaterako, barikuan hasi eta zapatuan amaituko da Portugaleteko Merkaduko Antzerkia Jaialdia. Eguneko ekitaldiei jagokenez, arratsaldeko 15:30etan hasiko dira egitasmoak geure lurraldean. Ordu horretan, Bilboko BBK Gizarte Klubean, bertso jaialdia egingo dabe Amets Arzallus eta Nerea Ibarzabalen eskutik. Musikari jagokonez, gaueko 21:00etan Bilborocken, Mississippi Queen & The Wet Dogs bandak kontzertua eskainiko dau.
Zapatua
Hainbat ekitaldi ezbardin izango dira protagonista zapatu honetan Bizkaian. Esate baterako, goizeko 11:30etan Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan, Urargi haurrentzako antzerkia izango da. Ordu erdi beranduago, Bilboko Bira kulturgunean, Harribitxi musika taldeak kontzertua eskainiko dau. Goiz-eguerditik arratsaldera goaz. Arratsaldeko 18:30etan Mungiako Olalde aretoan, Zepo Zapo obra antzeztuko dabe. Musikari jagokonez, arratsaldeko 20:30etan Deustuko gazte lokalean, Katu eta Benizze taldeak izango dira. Ordu erdi beranduago, Bilboko Santana 27an, Love of Lesbian taldea izango da protagonista.
Domeka
Astegoieneko azken egunari begira, hainbat ekitaldi izango dira Bizkaian. Eguerdiko 12:00etan, Bilboko Azkuna Zentroan, La niña de las trenzas al revés obra antzeztuko dabe. Ordu erdi beranduago, aldiz, Santurtziko Serantes kultur aretoan, Scrooge eta mamuak antzezlana ikusi ahalko da. Arratsaldean be egitasmo ugari eukiko doguz geure lurraldean. Esaterako, Bilboko Pabiloi 6en, arratsaldeko 19:30etan, Yo soy azul izeneko antzezlana ikusi ahalko da.