Gehiegikeriak jasan dabezanei parkamena eskatzeko eleizkizuna egingo da martiaren 24an Bilboko Katedralean

Sexu abusuak eragiteagaitik 32 espediente edegi dauz Bilboko Gotzaitegiak

Carlos Olabarri: “Biktimek batzutan errudun sentsazinoa dabe eta hori oso mingarria da”

Carlos Olabarri (Sexu abusuak saihesteko batzordeko burua) / Bizkaia Irratia

Bizkaiko Eleizbarrutian 50, 60 eta 70eko hamarkadetan sexu abusuak eragiteagaitik 32 espediente edegi dauz Bilboko Gotzaitegiak. Guztira 34 erasogile identifikau dabez: 16 abadeak ziran eta 18 erlijino ordenu  desbardinetakoak. Hainbat sexu gehiegikeri izan dira eta edozein gehiegikeri bakarra izanda be onartezina dala esan eban atzo Carlos Olabarrik. Olabarri Bilboko Gotzaitegiko sexu abusuak saihesteko eta adin txikikoen babeserako batzordeko burua da. Era berean  Derioko seminarioan eta Bilboko Erruki Etxean- Miserikordian izandako kasuen ganeko azalpenak emon dabez. 32 espediente dagozala esan dau Olabarrik, baina ez dala erreza jakitea zenbat biktima dagozan. Adin txikikoei egindako sexu abusuengaitik 2022an bederatzi espediente zabaldu dira.

Espediente horreetatik  hiru fiskaltzara heldu dira biktimak eurak eskatuta eta bat artxibau egin da. Miserikordia etxetik biktima batek jo eban eurengana eta beste batzukaz be izan dirala esan dau Olabarrik, eta Derioko Seminarioaren kasuan, lau lagun joan jakez. Martiaren 24an Bilboko gotzainak, parkamena eskatuko deutse biktima guztiei, Bilboko Katedralean. Estadu mailan era horretako lehenengo eleizkizuna izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular