Kulturartekotasuna eta hizkuntza-aniztasuna jomugan

Hizkuntza desbardinetan idatzitako 10 ipuinek osotzen dabe bilduma

“Munduenea. Munduko Ipuinen Etxea” aurkeztu dau Labayruk

"Munduenea. Munduko Ipuinen Etxea" ipuin-bilduma / Labayru Fundazioa

Labayru fundazinoak “Munduenea, munduko ipuinen etxea” egitasmoa aurkeztu dau.
Hizkuntza desbardinetan idatzitako hamar ipuinek osotzen dabe bilduma. Kulturartekotasuna eta hizkuntza-aniztasuna kontuan hartuta abian jarri dan egitasmoa da “Munduenea”. Igone Etxebarria Labayruko zuzendariak azaldu deuskunez, eragile asko egon dira ideia hau abian jartzeko.

Umeentzako ipuinak

6 eta 10 urte arteko umeentzako ipuin-bilduma da “Munduenea”. Egileak, kultura desbardinetako pertsonak dira. Bakotxak bere hizkuntzan idatzi dau. Biztanle gehien daukien kulturetara jo dabe hizkuntzak eta egileak aukeratzeko orduan. Arabieraz, errumanieraz, frantsesez, galegoz, katalanez, portugaldarrez, txineraz, urdueraz, woloferaz eta joruberaz idatzitako ipuinak dakarz Labayruk “Munduenea” bilduman. Egileek euren herrialdeetako ipuin herrikoiak idatzi dabez. Testuak, hizkuntza desbardinetan eta euskeraz eskaintzen dira. Yolanda Arrieta arduratu da euskerazko testuak ontzen eta Enrique Morente, ipuinen ilustrazinoak egiteaz arduratu da.

Ipuinak entzun

Esan behar, testuak irakurtzeaz gain, entzun be egin daitekezala. Entzuteko euskarria daukie QR kode baten bitartez. Audioak sarean dagoz dagoeneko www.munduenea.labayru.eus webgunean
Labayruren asmoa, ipuinen etxe hau ipuin gehiagogaz betetea da.
“Munduenea, Munduko Ipuinen Etxea” besteak beste, Durangoko Azokan egongo da salgai, Labayruren stand-ean. Liburudendetan be badago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular