Patxi Zubizarreta idazleak 'Munduketariak' liburua idatzi dau

'Munduketariak' liburua argitaratu dabe Euskal Eskola Publikoaren jaiaren harira

“Mundukerien kontra, munduketariak, mundua aldatu gura daben haurrak”

'Munduketariak' liburuaren azala / Erein argitaletxea

Euskal Eskola Publikoaren jaia Ordizian izango da datorren bagilaren 2an, eta horregaz lotuta Munduketariak (Erein) liburua argitaratu dabe. EHIGE-k (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea), Urdanetarrak guraso alkarteak, Patxi Zubizarreta idazleak, Jokin Mitxelena ilustratzaileak eta Erein argitaletxeak argitaratu dabe alkarlanean.

Munduketariak liburuak kultur aniztasuna, emigrazinoa, nortasuna eta munduaren ezagutza moduko baloreak batzen dauz. Patxi Zubizarreta idazleak esan deuskunez, inspirazinoa bere jaioterrian, Ordizian aurkitu dau. “Gaurko Ordiziak ez dauka zerikusirik ni jaio nintzenekoagaz. Nik ezagutu neban Ordizia hartan euskerea debekatuta egoan eta gaur, barriz, eskolan bertan, 21 hizkuntza egiten dira eta 31 jatorri baino gehiago dagoz: Nigeria, Pakistan, Maroko, Sahara… Aukera polita izan da, gurasoak etorri jatazanean, beste errealidade hori ezagutzeko”.

Jokin Mitxelena ilustratzailearen irudiek janzten dabe Munduketariak liburua. Zubizarretak eta Mitxelenak hartuemon handia daukie, alkarregaz lan asko egin dabe. “Oso ondo jantzi dau liburua, poza, jakin-mina… hori guztia liburuan jaso dogu”.

Aurkezpena

Munduketariak liburua maiatzaren 18an aurkeztuko dabe Ordiziako antzokian, Pello Ramirezen musikeagaz eta Maddi Oihenart kantariaren ahotsagaz, eta Jokin Mitxelenak zuzenean marraztuko dau. Era berean, liburuari protagonismo berezia emongo jako Euskal Eskola Publikoaren jaian, bagilaren 2an. Ordurako unidade didaktiko bat be jarriko dabe EHIGEren webgunean, liburuan azaltzen diran gaiak eskolan landu gura dabezanentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular