LHko bigarren mailatik DBHko laugarren mailara bitarteko ikasleek jasoko dabe formazinoa

Ikastetxeak eta DYA-k hitzarmen aitzindaria sinatu dabe

Mungiako Bentades Ikastetxeak lehen sorospenak ikasgeletara eroango dauz

Bentades Ikastetxeko eta DYAko ordezkariak / Bizkaia Irratia

Mungiako Bentades Ikastetxeak eta DYA-k hitzarmen aitzindaria sinatu dabe. Akordio honi esker, Lehen Hezkuntzako bigarren mailatik DBHko laugarren mailara arteko ikasle guztiek lehen sorospenetako prestakuntzea jasoko dabe hurrengo hamar urteetan. Proiektu hau Bentades Ikastetxeko Gurasoen Alkarteak sortu, bultzatu eta finantziau dau, familien ekarpen ekonomikoari esker. Maribi Egia gurasoen alkarteko kideak Bizkaia Irratian azpimarratu dauanez, urteak daroez gai askoren inguruan ekimenak egiten, euskereagaz, ekologiagaz, kontsumoagaz, emakumeagaz… lotuta. Segurtasun arloan be indarra jartzea erabagi dabe eta helburua, ume eta gazteek txikitatik bizitza salbatzeko gaitasunak eskuratzea da.

Arrate Lertxundi DYAko Formakuntza eskolako kideak gaineratu dau prestakuntza honek “bizitzak salbatzeko balio izango dau, bai etxean, kalean zein ikastetxean, eta gaztetatik ikasiz gero, eraginkortasun handiagoz jardungo dabela larrialdi egoeretan”.

Formazinoa euskeraz emongo da, ikasleen edadera egokitutako eduki praktiko eta teorikoak erabiliz, jokoen eta simulazinoen bidez. Bentades Ikastetxeko ikasleek urtero jasoko dabe prestakuntzea, ikasitakoa ez ahaztuteko eta gaitasun barriak garatzeko. Gurasoen alkartetik nabarmendu dabenez, hitzarmen honek eragina izango dau Mungian. Hamar urteko epean herriko gazteen %25 inguru trebatuta egongo da larrialdi egoeratan erantzuteko. “Hori herri mailako inbertsino bat da segurtasunean, eta ikasleek euren burua, lagunak, familiak eta komunidadea babesteko tresnak izango dabez”, azpimarratu dau Egiak. Arrate Lertxundik, bere aldetik, azpimarratu dau ekimen hau erreferente izan daitekela beste ikastetxe eta guraso alkarte askorentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00