"Gaztaiak eta ortuariak azoketan asko saltzen dira, abereak ez horrenbeste" esan dau Karlos Ibarrondok (ENBA)

"Baserrietan belaunaldien erreleboa bermatzeko neurri zehatzagoak behar dira" esan dau Unzalu Salterainek (EHNE)

Nekazari eta abeltzainen gestino batzutan burokrazia arintzen hasi dira

Unzalu Salterain (EHNE Bizkaia) eta Karlos Ibarrondo (Bizkaiko ENBA) / Bizkaia Irratia

ENBA sindikatuak ontzat jo dau Amaia Barredo Nekazaritza eta Abeltzaintza sailburuagaz asteon eukitako batzarra. Barredo karguan dagoanetik egindako lehenengoa izan da. Karlos Ibarrondok (Bizkaiko ENBA) nekazariek eta abeltzainek daukiezan burokrazia arazoak ahalik eta arinen konpontzeko bidea edegi dagiala eskatu deutso Eusko Jaurlaritzari. Traktoreen neguko protesten ondorioz, Jaurlaritzak eta hiru aldundiek baserritarren arazoei aurre egiteko dekalogo bat argitaratu eben. Gai horretan Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera pausoak emon dauzela deusku Unzalu Salterainek (EHNE Bizkaia). “Eskualdeetako bulegoetan aldez aurretik hitzordua eskatzea dagoeneko ez da beharrezkoa. Inbertsinoetarako laguntzetarako deialdien epeak luzatu dabez eta hori be bada burokrazia arintzea” azaldu dau Salterainek.

Belaundaldien erreleboa

Lehen sektoreak aurrera egiteko belaunaldien erreleboa ezinbesteko ikusten dabe. Horretarako neurri zehatzagoak faltan botetan dabez sindikatu biek. “Jubilauko diran baserritarrak identifikau eta zuzenean eurengana jo behar da. Ipar Euskal Herrian horrela egiten dabe eta gurean hori falta da” esan deusku Unzalu Salterainek.

Prezioak

Nekazal produktuen prezioak izaten dira lehen sektorearen beste arduretariko bat. Nekazariak zentimoak kontetan ibilten dirala esan deusku ENBAko Karlos Ibarrondok. Esnearen kasuan, Euskal Herriko kooperatiba guztiek bat egin beharko leukiela uste dau berak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00