Nile Urrutia eta Maria Campo Belgikan egongo dira Zaldi-heziera Klasikoko Europako Txapelketan. Bizkaitar biak, garagarrilaren 25etik 28ra bitartean, lehiatzeko aukeratu dauz Espainiako selekzinoak. Hori dala eta, Nile Urrutia 18 urteko jatabetarrak berba egin dau Bizkaia Irratian.
Urrutia pozik agertu da Belgikan lehiatzeko Espainiako selekzinoagaz hautatua izan dalako. Bizkaitarra gogotsu dago garagarrilaren 25a heltzeko, dakiena erakutsi ahal izateko: “Garrantzitsuena gozetea da, esperientzia honeek ez baitira egunero bizitzen“. Bigarren aldia dau Europako txapelketan. Igaz Alemanian izan zan eta txapelketan bizi izandako esperientziak asko lagunduko deutsola uste dau: “Igaz ez nekian zer pasako zan, aurten beste modu batera aprobetxetea espero dot“.
Bere alboan Maria Campo be egongo da, hau be bizkaitarra eta Europako txapelketa jokatuko dau lehenengoz. Urrutiak aholkuren bat edo beste emon deutso, Campo hasibarria izan ez daiten. Alkar ezagutzen dabe eta lehiaketa askotan parte hartu dabe. Nilek gomendatzen deutso Belgikan egun horietan gozetea eta “ondo pasetea dala garrantzitsuena”. Bistan da ez dirala paseatzera joango eta ahalik eta ondoen geratu gura dabe txapelketan.
Txikitatik zaldi gainean
Nile Urrutia txiki-txikitatik hasi zan hipikan, 8 urtegaz hain zuzen be, Laukizen, Bizkaiko herri txiker batean. Urteak aurrera joan ahala, Urrutiak serioago hartzen eban, 10 urtegaz lehiatzen hasi zan arte. Orain, 18 urtegaz, bere bigarren Europako Txapelketan parte hartuko dau, beti maite izan dauan kirol baten.