"Bilbobuseko lan gatazkak ez dauka konponbide errazik" esan dau Nora Abetek

"Auzokideek gura badabe, udabarrian, Olabeagan TAO zerbitzua egongo da" esan dau Bilboko Garraio zinegotziak

Nora Abete: “Emisino Gitxiko Eremuan pegatinea ez da derrigorra izango”

Nora Abete (Bilboko udaleko Garraio eta Ingurumen zinegotzia) / Bizkaia Irratia

Bilbobuseko beharginek 24 orduko huelgea dabe gaur. Hilabeteetako lan gatazka honek konponbide errezik ez daukala esan deusku Nora Abetek, Bilboko udaleko Garraio eta Ingurumen zinegotziak.  “Kontratazinoko baldintzak mahai gainean dagoz eta gatxa da orain hori aldatzea. Guri gustauko litzakigu Bilbobuseko enpreseagaz kontratua bertan behera iztea eta barri bat egitea baina juridikoki ez da erraza” azaldu dau Abetek.  Hamar urterako kontratua da, hiru pasau dira eta beste zazpi urte geratuko litzatekez. Artxandako Funikularreko huelgeari jagokonez, langileei lan baldintzak hobetu deutsiezala esan deusku Abetek eta abenduko greba egunen ostean lasaitasuna itzuli dala gaineratu dau.

TAO zerbitzua

TAO zerbitzu barriak aste gitxi daroaz martxan. Aparkalekuen kontrola eta isunen ezarpena automobil bitartez egiten da orain. “Era honetara errazagoa da eta leku gehiagotara heldu ahal gara. Hori bai, ez dogu lehen baino isun gehiago jarri, isunen kopurua bardina izaten dabil” zehaztu dau PSE-EEko zinegotziak.

2024an Olabeagan TAO zerbitzua jarteko aukera handiak dagoz. Olabeagako bizilagunak udalak egindako proposamena aztertzen dabilz eta baiezkoa emon ezkero udabarrirako TAO zerbitzua martxan egongo da Olabeagan. Errekalde auzoko iparraldean be TAO sistema jarri ala ez jarri aztertuko dabe aurton.

Emisino Gitxiko Eremua

Bilboko udalak Emisino Gitxiko Eremua apirilerako martxan euki gura dau. Udal Gobernuak proiektua onartu dau eta orain helegiteak jarteko sasoia da. “Beste uri batzutan ez bezala Bilbon kotxeek pegatinea jarrita eukitea ez da derrigorra izango. Uriburuko sarbideetan matrikulak irakurteko gailuak jarriko doguz” azaldu Abetek.

Sader enpresea

Zorrotzako Sader lantegian hasi dira Gipuzkoatik etorritako lixibatuak (hondakinak) kudeatzen eta auzokideak usain txarrakaitik aspalditik protestan dabilz. “Egoera zaila da, guk badakigu Sader uritik kanpo joan behar dala. Une honetan enpresak han egoteko baimena dauka baina Zorrotzako Puntako plan berezia onartzen danetik bi urtera Saderrek handik kanpo egon beharko dau” azaldu desku Abetek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00