Sortuk otsailaren 22an Plaza Hutsa ekimena egingo dau

"Herri honen historiak eta balioek ultraeskuinaren kontrako bidea erakusten deuskue" esan dau Sortuko kideak

Olatz Egiguren: “Euskal Herriak bere migrazino politika propioa behar dau”

Olatz Egiguren (Sortu) / Bizkaia Irratia

Olatz Egigurenek, Sorturen ordezkariak, migrazio-politiken erronkei buruz berba egin dau gaur Goizeko Izarretan saioan. Olatz Egigurenek azpimarratu dauenez gaur egungo Euskal Herriko gizartea inoizko anitzena da. Bere berbetan jatorri, hizkuntza, kultura eta erlijino ezbardintasunek eragin zuzena dabe gure gizartean. “Hiru aukera dagoz errealidade honen aurrean: alde batera iztea, mehatxutzat hartzea edo aukera lez ulertzea. Guk azken hau aukeratzen dugu”, azaldu dau Egigurenek.

Migrazio-politikak eta eskumenak

Sortuko ordezkariak Espainiako eta Frantziako migrazino-politikak salatu dauz. “Arrazistak eta errealidade barriagaz egokitu bakoak dira” adierazo dau. Egigurenek nabarmendu dauenez, Euskal Herriak bere migrazino-politika propioa behar dau, baina gaur egun ez dauka burujaubetzarik horretarako. “Atzerritartasun legeak aldatu behar dira eta gure ikuspegitik politika antirrazistak eta inklusiboak garatu behar doguz” gaineratu dau.

Jatorri eta kultura-aniztasunaren garrantzia

Zezeilaren 22an, Andoainen egingo dan Plaza Hutsa izeneko ekitaldian, Sortuk aniztasunaren gaia beren beregi landuko dua. Bidaide txostena aurkeztuko dabe bertan eta Euskal Herriaren eraikuntza nazionalean jatorri eta kultur-aniztasunak izan behar dauen paperaz eztabaidatuko dabe. “Plaza Hutsa ez da soilik eztabaidarako espazioa, proposamenak partekatzeko eta errealidade anitzari erantzun integrala emoteko gunea be bada” esan dau Egigurenek.

Etorkinei harrera egokia eta inklusiboa bermatzeko baliabideak behar dirala uste dau Sortuk, bai ekonomikoak, bai administratiboak eta baita kulturalak be. Horrez gain, segregazino egoerak gainditu eta espazio partekatuak sortzeko beharra nabarmendu dau Egigurenek. Azkenik, ultraeskuinaren diskurtso xenofoboaren zabalkundea be aitatu dau, bai maila globalean baita Euskal Herrian be. Egigurenek azpimarratu dau herri honen historia eta balioek beste bide bat eskaintzen dabela. “Gure herrian posible da beste eredu bat irudikatzea eta gauzatzea” gaineratu dau.

EH Bilduren barne prozesua

Sorturen eta Euskal Herria Bilduren arteko harremanaz galdetuta, Egigurenek adierazo dau ezker abertzalearen mugimendua indartzen ari dela, eta Arkaitz Rodríguez, Sorturen idazkari nagusia, EH Bilduren zuzendaritza barrirako proposatu dabela. Hori, bere berbetan, “Bilduren proiektuaren indartze prozesuaren barruan” kokatzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00