2016tik zortzi milioi otordu baino gehiago banatu dabez Grezian

Zaporeak alkarteak Lesboseko sukaldea zarratu dau, hamaika urtez errefuxiatuentzako otorduak prestetan ibili ostean

Oraitz Garcia: “Ideia zoro batetik abiatu zan, eta Euskal Herri mailan lortutako proiektua da”

Agur esateko unea iritsi jako Zaporeak alkarteari / Zaporeak

Zaporeak alkarteak Lesboseko sukalde solidarioko suak amatau dauz, hamaika urteko alkartasun-lanaren ostean. Atzo, zemendiaren 22an, banatu ebezan azken otorduak Lesboseko errefuxiatuen kanpalekuan. Emozinoz betetako eguna izan zan alkarteko kideentzat. Tristura eta pena sentidu ebezan, baina baita egindako lanarekiko harrotasuna be. “Oso harro eta kontent” dagozala esan deusku Oraitz Garciak, urteotan egindako lanari begiratuta.

Erabagia ez dabe egun batetik bestera hartu. Azken urteotan Greziako migrazino-politikak gogortu egin dira, eta gobernuak gero eta kontrol eta murrizketa gehiago ezarri dauz gobenuz kanpoko erakundeen jardunean. Zaporeaken kasuan, horrek zuzenean baldintzatu dau eguneroko lana. Izan be, hainbat egunetan errefuxiatuen kanpalekura sartzea eta bertan janaria banatzea debekatu deutsie. Ganera, errefuxiatuen joan-etorria eta mugimendua izugarria da, etenbako aldaketakaz, eta horrek asko zailtzen dau alkartearen eguneroko lana, zentzu guztietan, baina, batez be logistika eta ekonomikoan. Horri guztiari, talde kudeatzaileak urteotan pilatutako nekea gehitu behar jako.

Zaporeak alkartearen abiapuntua 2016ko martian dago, Greziako Chios uhartean. Donostiako Intxaurrondoko zazpi pertsonek abiatu eben ekimena, errefuxiatuei laguntzeko asmoz. Hasierako asmoa sei hilabetez jardutea zan, baina proiektua handituz joan zan, eta Greziako beste hainbat lekutara be heldu zan: Atenasera eta Patrasera, besteak beste. 2019ko urtarrilean Lesbosen ezarri ziran. Hasierako zazpi lagunen ekimena asko handitu da urteotan. Sukaldean era guztietako boluntarioek parte hartu dabe. 2.000 boluntario baino gehiago izan dira euren bizitzako 3 aste Grezian igaro dabezanak. Euskal gizartearen babesa be ezinbestekoa izan da. Erakundeen dirulaguntzak, enpresa pribaduen ekarpen ekonomikoak eta material-laguntzak, elikagai-bilketak eta herritarren ekarpena izan dabez urteotan.

Zaporeak alkarteak sukaldea itxi arren, Lesboseko errefuxiatuen beharrizanek hor jarraitzen dabe. Greziako agintariek daukie kanpalekuetan dagozan pertsonei janaria emoteko ardurea, baina Oraitz Garciak azaldu dau errefuxiatuek eurek adierazo deutsiela jasotzen daben janaria ez dala nahikoa eguneko otorduak bermatzeko. Alkarteak erreleboa topatzeko ahaleginak egin dauz, baina ez dau lortu proiektuaren ardurea hartzeko prest dagoan beste erakunderik. Abenduaren 31ra arteko tramite legalak eta itxiera-lanak amaitzea da orain Zaporeaken egitekoa. Garciak ez dau baztertu aurrerago beste ekimen batzuetan parte hartzeko aukerea, baina oraingoz egindako bideari amaierea emoteko eta atsedena hartzeko momentua heldu dala adierazo dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00