Ortzi Aldazabal Argoitiak Berriatuan jokatutako Masters Series torneoa irabazi barri dau Aritz Erkiagagaz batera, Barandika eta Zabala menderatuta finalean. Hamazazpi urte baino ez daukaz eta herritarren aurrean lortu dau bere lehen txapela profesional mailan. Esperientzia ahaztuezina dala esan deusku Argoitiak Bizkaia Irratiko Jokoan tartean egindako alkarrizketan. Pelotari langilea da. Sartu eta bota egiten dau aurkariak huts egin arte.
Igazko abenduaren 23an Gernikako Jai Alai pelotalekuan egoan Alex Goitia-Del Rio eta Barandika-Lopez bikoteen arteko Winter Series torneoko lehen faseko partidua ikusten, Del Rio lesionatu zanean. Atzelari arabarrak ez izan eban amaitu partidua. Ia berotzeko asti barik, hamazazpi urteko zestalari berriatuarrak haren lekua hartu behar izan eban Barandika eta Lopezen aurkako partiduan. Ezin izan eben garaipena eskuratu baina Argoitiak maila txukuna emon eban.
Handik gitxira, Berriatuako master series torneoan parte hartzeko aukerea emon eutsan Eraman jai alai enpresak, Aritz Erkiagagaz bikotea osatuta. Olharan eta Lekue kanporatu ebezan finalaurrekoan eta Barandika eta Zabala menderatu ebezan finalean. Erkiagagaz jokatzea gauza handia dala esan arren, erantzunkizun handia be badakarrela esan deusku Argoitiak.