Gernikak eta Ordiziak derbia daukie, zapatuan (16:30), Urbietan. Grupo Intxausti Gernika partidurik irabazi ezinik dabil. Etxean indartsu izan nahi dabe, baina ez dabe lortzen. Ampo Ordiziak, barriz, hiru garaipen lortu ditu. Azken urteotan, gipuzkoarrak hobeto dabilz.
Oskar Astarloa talde bietako jokalaria izan zan. Gernikan entrenatzaile be egon zan, jokalari eta entrenatzaile batera. Sasoi ha oso polita izan zala esan deusku. Europan jokatu eben. Oraina, baina faboritotzat Ordizia dauka Astarloak. Ohorezko maileari eusteko, atzerritar onak fitxau beharra dagoela uste dau.
Astarloak 48 urte daukaz, eta hondino jokatzen dabil. Elorrion amaituko dau bere ibilbide luzea. Herrian hasi zan eta herrian amaitu nahi dau. Bien bitartean, Euskal Herriko klubik onenetan jokatu da. Getxon, Biarritzen, Baionako Avironen, Gernikan, Ordizian eta Hernanin, besteak beste.
Futbol zelaietako eta errugbiko zelaietako giroari buruz be egin deusku berba. Kultura ezbardinak dirala nabarmendu dau. Futbol zelaietan, epaileari edozer esaten jako. Astarloak dino errugbi zelaietan errespetu handiagoa dagoela, eta, plakaje ona eginda be, alkarregaz berba egiteko prest egoten dirala. Hirugarren zatiak asko laguntzen dau horretarako.