Legebiltzarkideak uste dau alderdi sozialistak barriro irabaziko dituala hauteskundeak Euskadin

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Bilbon egon zan atzo, Euskalduna Jauregian, hauteskunde kanpainaurrean

Pau Blasi: “Alderdi sozialistak etxebizitza krisiari aurre egiteko politikak eroan ditu aurrera”

Pau Blasi, PSE-EEko legebiltzarkidea / Bizkaia Irratia

Pedro Sanchez Espainiako presidentea Bilbon egon zan atzo, Euskalduna Jauregian, hauteskunde kanpainaurrean. Pau Blasi PSE-EEko legebiltzarkideak Bizkaia Irratian esan deuskunez, oso ekitaldi arrakastatsua eta jentetsua izan zan atzokoa. Bitartean, Aitor Estebanek Euskadiko sozialistei leporatu deutse Madrilen sukursala izatea eta ez egitea Euskadiren interesen alde. Blasi ez dago ados: “Betiko kontuak dira. Dana dala, abortua, eutanasia, gitxieneko soldata edo pentsinoak lako gaiak ez dira Espainiako kontuak, euskal herritarren eguneroko bizitzan eragina daukelako. Dana dala, ez deutsat eskumenen gaiari garrantzirik kendu gura. Pedro Sanchezek bultzada handia emon deutso autogobernuari“.

Hain zuzen be, azaroaren 29ko hauteskundeei begira itxaropentsu dago legebiltzarkidea: “Euskadin geure aurreikuspenak onak dira. 2023an alderdi sozialista lehen indarra izan zan, eta uste dogu barriro izango garela, EH Bildugaz lehia estua euki arren”. Bestalde, Oscar Puente garraio ministroak dimisinoa aurkeztu dau Urdako tren istripuaren ostean. Blasik ministro ohiaren erabagia txalotu dau: “Eskertu nahi deutsat hartutako erabagia Puenteri. Ministroa ez da gertautakoaren erantzule zuzena, baina egoera oso larria da eta ez da lehen aldia izan. Beraz, zelanbaiteko erantzuna emon behar da. Puenteren erabagiak erakusten dau alderdi guztiok ez garela bardinak“.

Bitartean, etzi huelga orokorra egingo da, batez be etxebizitzaren gaiak eraginda. Espainiako Gobernuari eta sozialisten eskuetan dagoan Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari egingo jakez aldarrikapenak. Blasik sozialistek etxebizitza esparruan egindako lana azpimarratu dau: “Lehen momentutik greba onartu dogu. Ganera, gobernatzen dabilen alderdia izanda, argi dago aldarrikapenen jasotzaileak garela. Dana dala, alderdi sozialistak etxebizitza krisiari aurre egiteko politikak eroan ditu aurrera. Horren harira, datorren urteko aurrekontuetan 500 milioi gehiago eukiko ditu Etxebizitza Sailak. Ganera, 1.700 etxebizitza eregiten hasiko gara datorren urtean“.

Hain zuzen be, eta Eusko Legebiltzarrera jota, Eusko Jaurlaritza eta oposizinoa gaur hasiko dira aitatutako aurrekontuak negozietan: “Hiru mezu zabaldu gura dodaz. Batetik, datorren urteko aurrekontua inoizko handiena izango da. Bestetik, gehiengo absolutua izanda, aurrekontuak guztiz bermatuta dagoz. Azkenik, oposizinoari eskua luzatzen deutsagu negozietako. Nabarmendu gurako neuke aurrekontuen hiru laurden politika sozialetara bideratuta dagozala”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00