"Inflazinoa familia zaurgarrien karga handia da" esan dau Save The Children GKEko buruak

Umeak haztearen kostuak Euskadin %13 igon dau azken bi urteetan

Pilar Kaltzada: “Seme-alabengatik laguntzak 17 urtera arte luzatu behar dira”

Pilar Kaltzada (Save The Children GKEko burua) / Save The Chlidren

Pilar Kaltzadak Espainiako Save the Children GKEko presidenteak Euskadiko umeen pobrezia tasea eta familia zaurgarriek gabonetan aurkitzen dabezan erronkak aztertu dauz gaur Goizeko Izarretan irratsaioan. “Euskal Autonomia Erkidegoan, umeen pobrezia tasea ez da Espainiakoa bezain altua, baina argi dago familien %18 inguruk oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak daukazala” azaldu dau Pilar Kaltzadak.

Save the Children erakundearen datuek erakusten dabenez, umeak mantentzearen kostuak izugarri igon dau azken urteetan. “%13 euroko  garestitzea kalkulau dogu ume bakotxeko eta hilero 866 eurora heltzen da gastua,” gehitu dau Kaltzadak. Familia zaurgarri askok egoera larriak bizi dabez, inflazinoaren ondorioz argindarra, elikadura eta bestelako gastuak are gehiago igon dabelako.

Eskolaz kanpoko jarduerek arrakala soziala areagotzen dabe

Egoera latz honen erdian, aisialdia eta eskolaz kanpoko jarduerak garrantzitsuak dira sozializazinorako, baina  Pilar Kaltzadaren berbetan familia zaurgarrietan honeek izaten dira lehenengo alde batera izten diranak. Save the Children GKEk programa ugari garantzen dauz ume horreen ongizatea bermatzeko, batez bere oporraldietan, eskola-jarduera bakarra dabenentzat.

Laguntza Unibertsala luzatzeko beharra

Pilar Kaltzadak azpimarratu dau gurasoei zuzendutako Laguntza Unibertsala ez litzatekeela 0 eta 3 urte bitartekoetara soilik mugatu behar: “Umeak mantentzearen kostuak adinagaz handitzen dira eta laguntzea gitxienez 17 urtera arte luzatu beharko litzateke.” Gainera, proposamen hau erronka demografikoari aurre egiteko giltza izan leitekeela azaldu dau. Kaltzadak defendatu dau Euskadik estrategia sendo bat behar dauela umeen pobreziari aurre egiteko. “Egoera horri buelta emateko baliabideak baditugu. Borondate politikoa eta neurri egokiak martxan jartea baino ez da falta” esan dau Pilar Kaltzadak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00