Rapa indartsu dagoela esan leiteke Euskal Herrian. Beti be, rapero eta talde kopuruari begiratzen badeutsagu. Endika Lahaine rapero barakaldarrak halan onartu dau. Lahainek Frantzian ezagutu eban rapa. Familia eukan Parisen eta Lionen, eta harako osteretan entzun eban lehenengoz. Barakaldora itzuli zanean, lagunekin berba egin, eta rapa egiten hasi ziran.
Euskal Herrian 2000 inguruan hasi zan rapa zabaltzen. Ordukoxea da 121 krew taldea. Endika Lahaine, Maisha, Rufo, David eta Hawa ziran taldekideak. Gaur egun, hondino, familia dirala dinosku Lahainek. 2016an argitaratu eben azken lana ‘Mahatsaren denpora + Azken Afaria’. Lahainek berak aldi horretan beste egitasmo batzuetan be hartu eban parte. Bupada Sound eta Suia eta Lahaine izan ziran bi. Azken lana Xamanak izan da. Hawaiano Kid eta Endika Lahaine batu dira egitasmo honetan. ‘Xamanak’ argitaratu eben 2021ean.
Rapa, taldez indartsu dagoela esan dogu. Baina publikorik badauka? Lahaineren esanetan, gitxi. Publiko gehiago erakarteko gogoz geratu dira euren sasoiko raperoak. Bertsolaritzearen eta raparen arteko zubiak eregiten be ibili dira eta badabilz. Txapelketak be eratzen ditue. All In Da House Freestyle Txapelketea egiten dabe Gasteizen. Aurten finalaurrekoetariko bat Gernikan izango da, hil honen 26an, Astran. Lahainek aurkezle lana egingo dau. Freestylerrak Aissa, Kazz, Izar, Ruizma, Viñaspre eta Markes izango dira. Bertsolariak eta raperoak lehian.