Karrantzan, 49 auzotan, 2.700 herritar inguru bizi dira. Lehen sektorea oinarri dauen udalerri hau Bizkaiko herririk handiena da, Kantabriagaz eta Burgosegaz mugea egiten dau eta gaur karrantzarrek euren urteko jai handia, Buen Sucesoko Ama Birjinaren eguna, ospatuko dabe. “Karrantzako auzo guztietako jendea batzen gara, oso egun berezi da” esan deusku Raúl Palaciok, Karrantzako alkateak. Palacioren eretxian, Bizkaiko lurraldea ondo doa baina abidura biko Bizkaia bati buruz berba egin dau, administrazinoak Karrantza Harana nahiko ahaztuta daukala salatuz.
Ur hornikuntzea eta garraio publikoa
Karrantzatik Bilbora joateko egunean hiru tren zerbitzu dagoz. “Bidaia lehen baino gehiago luzatzen da, batzutan inork abisau barik trenaren ordez autobusa agertzen da, trenbidearen mantenurik ez dago… Desastre hutsa da” salatu dau Karrantzako alkateak.
“Gurean milaka behi dagoz eta ur asko kontsumiduten da. Karrantza Bizkaiko Ur Patzuergoan sartuko balitz, abeltzain askok ezingo leuskioe horri aurre egin. Sartzearen truke ez daukagun dirua ordaindu beharko genduke. Dekoguzan bi urtegiakaz aurrera goaz, baina bat konpondu beharra dago” azaldu deusku Raúl Palaciok. Egoerea konpontzeko urteak daroaz udala Bizkaiko Foru Aldundiagaz alkartzen. “Orain diputadu barria dekogu eta gauzak aldatu dirala emoten dau. Berbaz hasi gara”.
Etxebizitzak eta turismoa
Etxebizitzeagaz arazo handia dabela dino Palaciok. “Karrantzarrak auzoetan bizi gara, ez dekogu herrigune handi bat. Landa eremuko herria izanda legeak ez deusku auzo txikietan etxebizitza barriak egitea baimentzen. Eraikuntza enpresek ez dabe hemen etxebizitza barririk eregi gura eta hori gazteentzat arazo bat da” esan dau Palaciok. Dolomitas lantegia museo bihurtu da, Karpin Abenturak bisitari asko erakarten dauz eta Pozalagua kobazuloen erreferenteetariko bat da gaur egun Bizkaian. “Pozalaguak, batez be, turismoaren atea zabaldu deusku eta turismoak lanpostu batzuk sortu dauz Karrantzan” azaldu dau alkateak.