Mundaka herri bizia da eta alkarte zein herritarrek etorkizuna eregiten laguntzeko aukerea dabe

Urtea amaitu arte ekitaldi ugari dabe bertan, Santa Katalina jaiak, Urdaibaiko esentziak, gabonetako egitaraua eta abar

Irati Gondra: “Herritarrekin etorkizuneko erronkak zehazten gabilz Mundakan”

Irati Gondra / Bizkaia Irratia

Mundakatik zuzenean egindako Herriz herri saioan herriko gorabeheren barri emon deusku Irati Gondra alkateak. Mundaka herri bizi-bizia dala azaldu deusku, mogimendu itzela dagoela, eta jenteagaz eta alkarteekin lan egitea garrantzitsua dala herria aurrera atarateko. Une honetan prest dabe “Mundaka amestuz” ekimena, herrian etorkizunera begira dagozan erronkak identifiketako. Gaztelekuan ipini dabe alkartzeko hitzordua, zemendiaren 28an, arratsaldeko 18.00retan. Ez da derrigorrekoa alkarteren bateko kidea izatea, mundakar guztientzako zabalik dago ekimena. Urte amaiera honetan jarduera ugari dabe eta gabonak be bete-beteak izango dira herrian.

Emakumeenganako indarkeriaren aurka

Mundakan emakumeenganako indarkeriaren kontra dagozala erakutsiko dabe barikuan, zemendiaren 25ean. Ekimen ugari egingo dabe egunotan, eskolako ikasleekin batera. Barikuan murala egingo dabe plazan arratsaldeko 17.00etan. Mundak-Art bardintasunaren gainean da ekimenaren izenburua. Bestetik, emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko erakunden arteko ekimen bateratuan parte hartuko dabe, EUDEL, Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politika saila, Emakunde eta Foru Aldundiekin batera.

Santa Katalina jaiak

Pandemia osteko lehenengo Santa Katalina jaiak ospatuko ditue Mundakan, eta gogo handiz dagoz. Zemendiaren 25ean da eguna bera, kalejirea egingo dabe, mezea baselizan eta umeentzako jokoak. 20.00retan Egingo taldeagaz erromeria eta gabaz be musikea.  Astegoienean makailau txapelketea egingo dabe astegoienean, zapatuan. Hamabi kazuela egongo dira. Musikea be ez da faltako egunean zehar.

Urdaibaiko Esentziak

Azoka antzekoa da izatez, lehenago txakolin eguna zana. Urdaibaiko ekoizleei euren produktuak erakusteko tokia eskeintzen jake. Azokatxoa egingo dabe abenduaren 3an, goizean, plazako arkupeetan. Herritar askok gabonetako erosketak egiteko aprobetxetan dabe, produktu eder ugari egongo dalako. Talo solidarioa be egongo da, batzen dan dirua donazino moduan emoteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular