Etxebizitza arloari heldu deutsagu Mungiako Iturburu higiezinen agentziaren eskutik gaur. Izan be, etxebizitzaren kontuak buruko min ugari emoten deusku, batez be gaur egun bila dabilzanei, eta ez dira gitxi. Sabin Goirigolzarrik esan deuskunez, merkaduan ez dago eskaintzarik: “Mobimendua badago, pasa dan urteko alegrantzia egon ez arren. Arazoa da ez dagoala eskaintza nahikorik dagoan eskaerari erantzuteko”.
Erosteko zein alokatzeko profil ezbardinetako jentea erne dabil: emantzipau gura daben gazteak, etxe handiago baten bila dabilzanak, kanpotik gurera bizi izaten etorritakoak… kontuak kontu, gazteak nagusitzen dira: “Mungian 60 etxebizitza babestu urten dira; 400 eskakizunek pasau dabe filtroa. Gehienak gazteak dira”. Dana dala, gazteek ez daukie oso errez emantzipatzea soldata bakarragaz.
Normalean, arazo bi aitatzen dira etxe barri gitxi egiteko: ez eskaintzea lur sailik horri eta tramitazinoak asko luzatzea. Horren ganean hausnartu dau Goirigolzarrik: “Euskal Herrian daukagun orografia gatxa da. Ganera, eraikuntza-kostuak oso altuak dira”. Bitartean, burokrazia kontuak bizkortzeko neurriak hartu izan dira. Bestalde, herri asko tenkatutako edo tentsionatutako gune izentau dira. Ondo ikusten dau: “Bilbon indarrean dago eta ikusi doguzan parametroak uriaren erdialdean nahiko onak dira”.
Amaitzeko, badirudi etxeen prezioa gora doala eten barik, alokatzeko zein erosteko. Emoten dau ez daukala toperik goitik, baina Goirigolzarrik esan deusku azken hilabeteetan zehar joera aldaketea igarri dabela: “Pasa dan urtera arte gorantza joan dira prezioak, 2007ko prezioetara helduta. Dana dala, aurtengo lehen hiruhilekoan muga bat antzemon dogu. Momentu honetan, pisua ezin da edozein preziotan atera”.
