Athleticek ez eban galtzea merezi izan Bartzelonaren aurka baina oztopo gehiegi aurkitu zituen zelaian

Zuri-gorriek puntu bakarra eskuratu dabe azken lau jardunaldietan eta garaipenak behar ditue lehenbailehen

Saririk bako ahalegina liderraren aurka

Iñaki Williamsek gol bikaina sartu eban Bartzelonaren aurkako partiduan / Athletic Club

Athleticek ezin izan eban punturik lortu San Mamesen Liga txapelketako liderraren aurkako partiduan. Ernesto Valverderen taldearen lan onak ez eban saririk jaso, oztopo gehiegitxo aurkitu zitualako zelaian. Bartzelonako atezaina eta atzelariak batetik eta epaileak bestetik. Izan be, Iñaki Williamsek banako bardinketearen gola sartu eban partiduaren ondarrean baina Gil Manzano arbitroak balio barik itxi eban, aurreko jokaldian, ustez, Iker Muniainek besoagaz ikutu ebalako baloia. Arbitroak ez eban ezer adierazo Muniain eta De Jongen arteko jokaldia gertatu zanean baina VAReko epaileak esan eutson Athleticeko jokalariak besoagaz ikutu ebala baloia. Azkenean, hasarrea eta amorrua nagusi San Mamesen talde zuri-gorriak gitxienez puntu bat lortzeko meritoak egin ebazalako.

Partidu ona jokatu arren, Athleticek ez eban punturik lortu eta aukera ona galdu dau sailkapenean gorantz egiteko, Osasunak eta Rayok galdu egin ebelako eta Vila-real eta Betisen arteko partidua banako bardinketeagaz amaitu zalako. Valverderen taldeak puntu bakarra lortu dau azken lau jardunaldietan eta Europarako postuak urrunduz doaz. Ganera, sailkapeneko behealdeko taldeak puntuak batzen hasi dira eta jaisteko postuak zazpi puntura baino ez dagoz.

Lehen mailako sailkapeneko liderraren aurka galtzea lojikaren barruan sartu badaiteke be, Athleticek garaipenak lortu behar ditu lehenbailehen. Valladolid eta Getaferen aurka jokatuko dabe zuri-gorriek hurrengo jardunaldi bietan eta horretan partiduetan ondo jokatzea ez da nahikoa izango. Ernesto Valverdek berak azpimarratu dauen moduan, taldeak garaipenak lortu behar dauz, bai ala bai.

Juan Carlos Latxaga, kazetaria eta Athleticeko bazkidea eta Javi Bodegas Athleticeko bazkidea euki doguz Jokoan tarteko tertulian Athletic-Bartzelona partidua aztertzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular