Txirrindulari eta oinezkoentzako bidea egingo da 2026rako Lezamako Trenbide Zaharrean. Bizkaiko Foru Aldundiak Lezamako Trenbide Zaharrean 7,5 kilometroko ibilbidea egiteko egitasmoa onartu dau eta hortik oinezkoek eta bizikletek igaroteko aukerea izango dabe. Tartean 500 metroko luzerea daukan antxinako tunel bat zaharbarrituko dabe. Beraz, Bilbok beste lotura bat izango dau Sondika, Loiu, Derio eta Zamudio udalerriakaz. Zazpi milioi euroko aurrekontuagaz, 2026rako amaituta egongo da proiektua. Zamudioko Txirrin Txirrin txirrindulari alkartean pozik hartu dabe albistea, izan be, 2008tik ibili dira hori eskatzen.
Tunel horren historia gogoratu deusku Gorka Saratxok, alkarte horretako kideak Goizeko Izarretan irratsaioan. “Orain dala 16 urte Larrabetzuko eskolako guraso talde bati otu jakun Artxandan erabili barik egoan tunel bat egoala eta horren historian sakontzen hasi ginan. Tuneletik joian trenbidea Bilbotik hil-kutxak Deriora eroateko erabilten zan orain dala 110 urte” azaldu dau Gorka Saratxok. Txorierrin trenbide horren aztarna batzuk hondino zutunik dagozala esan dau Saratxok, tunela horreetariko bat izango litzateke.