Hainbat mahastitan zikloa bi edo hiru aste inguru aurreratu da

Azken urteetan irailaren 10etik aurrera batzen hastea izan da ohikoena

Tenperatura altuek Bizkaiko Txakolinaren mahats-bilketa aurreratu dabe

Magalarte Lezama Upategiko mahastiak / BIZKAIA IRRATIA

Bizkaiko Txakolinaren aurtengo mahats-bilketea ohi baino nabarmen lehenago hasi da. Udako tenperatura altu eta iraunkorrek mahatsaren heltzea bizkortu dabe, eta hainbat mahastitan zikloa bi edo hiru aste inguru aurreratu da. Arteako Txakoli Ugabeko Ugaitz Iturbek azaldu dauenez, maiatzetik 30 gradutik gorako tenperaturak sarri izan dira, eta gau askotan be 20 gradutik gora mantenidu dira.

Aurrerapena azken urteetan errepiketan ari dan joera baten barruan kokatu dau Iturbek. Bere aititeren garaian mahatsa urriaren erdikaldean batzen zala gogoratu dau; aitearen garaian, irailaren amaieran edo urriaren hasieran; eta azken urteetan irailaren 10etik aurrera hastea izan da ohikoena. Aurten, ostera, Txakoli Ugabekoen bariedade goiztar batzuk dagoeneko batu dabez, eta Iturbek dino bere 49 urteetan ez dauela hain kanpaina goiztarrik ezagutu.

Bariedadeen artean be alde nabarmenak dagoz. Rieslinga eta Chardonnaya Hondarrabi Zuria eta Hondarrabi Zuri Zerratia baino lehenago heltzen dira, eta Txakoli Ubakoen lehenengo biak dagoeneko batu dabez. Bariedade nagusiei jagokenez, asteburu honetan hasiko dira mahatsa batzen. Upategi txikietan bilketeak lau edo bost egun inguru iraun leike; handienetan, barriz, bi aste ingurura luzatu leiteke.

Datozen egunetako eguraldiak be baldintzatuko dau kanpainea. Mahatsa helduta eta bigun dagoanean, ekatxak dira arrisku nagusietako bat, aleak apurtu eta kalte handiak eragin leikiezalako. Euri jarraituak be mahats-bilketea eten eta luzatu leike. Halandabe, astebururako eguraldi ona espero danez, hainbat mahastizainek egun horreek aprobetxauko dabez aurtengo bilketeari bete-betean ekiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00