'Kuba: blokeo genozida gelditu!' lelopean ospatuko da 'Kuba Eguna'

'Kuba Eguna'-k uhartearen egoerea eta blokeoaren ondorioak salatuko dauz Bilbon urriaren 10ean

Tony Merlan: “Egun oso gatxa da Kuban bizitzea”

Urriaren 10ean, zapatuan, Kuba Eguna ospatuko da Bilboko Errekalde auzoan. Euskadi-Cuba alkarteak antolatutako jardunaldiak, ‘Kuba: blokeo genozida gelditu!’ izango dau lelotzat, eta Kubako gaur egungo egoerearen inguruko kontzientzia zabaltzea eta alkartasuna bideratzea izango dira helburu nagusiak.

Tony Merlan Euskadi-Cuba alkarteko kideak Bizkaia Irratian adierazo dauanez, gaur egun oso gatza da Kuban bizitzea. Argindarraren hornidurea da arazo nagusietako bat. Azaldu dauanez, herritarrek egunean zehar bi ordu inguruko argindarra izan leikie, baina “ez dakizu zein ordutan izango dan”. Horrek eragin zuzena dauka eguneroko bizitzan. Argindar falteagaz gain, inflazinoaren eta pobreziaren gorakadea be nabarmendu dau Merlanek. Osasunaren arloari jagokonez, gaur egun egoerea tamalgarria da. Bere esanetan, haurrren heriotza-tasak gora egin dau, eta botiken faltea be arazo larria bihurtu da.

Euskadi-Cuba alkarteak martxan daukazan alkartasun-kanpainen barruan, Habanako William Soler Ospitale Pediatrikoari laguntzeko lehen fasea gauzatu da. Maiatzera arte, ia 240.000 euro bildu dabez eguzki-energiako instalazinoak erosteko. Orain, bigarren fasean, eguzki-panel barriak erostea da helburua, ospitaleko beste eremu batzuetan jartzeko. Argindarraren hornidurea bermatzen laguntzea gura dabe.

Tony Merlanek AEBetako gobernuak Kubaren kontra ezarritako neurriak be aitatu dauz, eta azkenaldian garraioaren arloan jarritako murrizketen ondorioak salatu dauz. Bere esanetan, Karibeko inguruko portuetan milaka edukiontzi dagoz Kubara heldu ezinik, eta horrek egoera are gehiago zailtzen dau.

Testuinguru horretan egingo da Kuba Egunaren 4. edizinoa. Urriaren 10ean, egun osoan zehar, umeentzako jarduerak, Kubako kirolak, beisbol bateorako tunela, domino eta bestelako ekintzak izango dira Errekaldeko plazan. Kubako dantzak eta musikea be izango dira. Egunaren beste helburuetako bat alkartasuna bideratzea izango da. Emakumeentzako material higieniko-sanitarioa batuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00