Urdaibaiko Esentziak Mahastietan ekitaldiak txakolina, gastronomia, umorea eta musikea uztartuko ditu barriro Urdaibaiko bihotzean. Bagilaren 19an eta 20an izango da hitzordua, Gernika-Lumoko Itsasmendi Upategian. Jardunaldi bakotxean mahastien arteko ibilaldi bat, lau txakolin eta lau pintxo dastatzeko aukerea eta kultur proposamen berezi bat izango dira, Urremendi Landa Garapen Alkarteko gerente dan Aitziber Ansotegik aurreratu deuskunez.
Esan dogunez, egitaraua bagilaren 19an abiatuko da, Kaitin Allende umoregilea protagonista izango dauan saioagaz. Mahastien arteko ibilaldi baten ostean, Allendek umorezko monologoa eskainiko dau. Hurrengo egunean, bagilaren 20an, Olatz Salvador abeslariaren txanda izango da. Bere musikak girotuko dau bisita, aurreko eguneko formatu berari eutsiz.
