Txente Rekondo nazinoarteko adituagaz egin dogu berba Goizeko Izarretan irratsaioan, Venezuelan azken egunetan jasotako gertakarien harira. Gogoratuko dogu Donald Trumpek gidatutako Ameriketako Estatu Batuek Nicolas Maduro Venezuelako presidentea preso hartu eta, Delcy Rodriguezegaz alkarlanean, herrialdearen kontrola hartu dabela. Rekondoren ustez, arauetan oinarritutako munduaren ideia arriskuan dago: “Nazinoarteko zuzenbidea ez da errespetatzen”. Ganera, Europar Batasunaren erantzun epela nabarmendu dau.
Madurori konspirazino narko-terroristagaz lotutako delitu batzuk leporatzen deutsiez. Esaterako, kokaina inportatzeko konspirazinoa eta armak izatea. Edozelan be, bere burua errugabetzat jo dau epailearen aurrean. Kontuak kontu, Donald Trumpek ez ditu bere benetazko intentzinoak ezkutatu. Izan be, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak petrolioaren merkadua kontrolatu gura dau.
Etorkizun laburrari begira, kezkatzeko moduko mezua luzatu deusku Rekondok: “Urte gatazkatsua dator”. Esaterako, gatazka ezbardinak dagoz martxan Afrikako eta Asiako herrialde batzuetan, eta Trumpek Groenlandia erosi gura dau orain, segurtasun arrazoiak tartean. Rekondoren esanetan, gaur egungo NATO proiektua desagertuko litzateke, Ameriketako Estatu Batuek, indarra erabilita, Groenlandia bereganatzen badabe.
