Atzelaria Mirandesen kontrako partidu gogorrari ekiteko gogotsu dago

Azkenengo 15 jardunaldietan lortutako emaitzak nabarmendu arren, domekako partidua bakarrik dauka buruan jokalari bilbotarrak

Unai Bustinza: “Azkenengo partidua irabazi behar dogu orain arte egindakoak zentzuna eukiteko”

Unai Bustinza aurtengo entrenamendu baten / SD Amorebieta

Amorebietak hil ala biziko partidua jokatuko dau domeka arratsaldean Miranda de Ebron. Jandro Castrok zuzendutako taldeak hiru puntuak eskuratu behar ditu Mirandesen kontra datorren denboraldiko bigarren mailaren parte izateko. Zornotzako taldea, bardintzen edo galtzen badau, Lehen Federazinora jaitsiko da.

Partidurako lau egun bakarrik falta diranean, Unai Bustinza atzelari bilbotarragaz egin dogu berba. Bustinza beste “final” bat jokatzeko gogotsu dago. Izan be, jokalariak oso argi dauka domekako partiduaren menpe egongo dala denboraldiaren balorazino orokorra: “Azkenengo partidua irabazi behar dogu orain arte egindakoak zentzuna eukiteko“. Zornotzako taldeak sekulako sasoi ona erakutsi dau azkenengo 15 partiduetan. Aitatutako tarteari bakarrik erreparatzekotan, sailkapeneko hirugarren postuan dago Amorebieta. Bustinzak uste dau lortu daben bolada ona bereziki merituduna dala, bigarren mailan “oso gatxa” dalako hainbeste puntu lortzea jarraian.

Domekako partiduari jagokonez, Bustinzak oso partidu gogorra espero dau: “Hasierako minutuak ez dira oso ikusgarriak izango, asko dagoalako jokoan”. Azulek zaleen babesa eukiko dabe Anduvan. Dana dala, Bustinzak uste dau pena bat dala zale gehiago hurreratu ezin izatea. Izan be, kapazidade aldetik, kategoriako behekaldean kokatzen da Mirandesen estadioa.

Denboraldi atipikoa

Unai Bustinzak oso denboraldi berezia eta desbardina bizi izan dau aurton. Irailean talde barik egoan eta bere ibilbidea bukatuko zala pentsau eban. Halanda be, Amorebietagaz entrenetan hasteko aukera agertu zan. Denboraldiko hasierako hilabeteetan jokatu barik egon zan Bustinza. Halanda be, neguko merkaduan taldearen parte izatera igaro zan: “Oso pozik nago bizitako egoerari bueltea emotearren”. Azkenengo partiduetan beti egon da hasierako hamaikakoan presente eta Andorraren kontrako partiduan garaipenaren gol erabagigarria be sartu eban.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular