Abadiñoko San Blaseko azokan, Unzalu Salterainek eta Karlos Ibarrondok tokiko produktuen garrantzia eta abeltzaintzaren gaur egungo egoerea aztertu dabe. Aurtengo azokea berezia izan dala esan dabe, ganadua bertan egon ez arren, tradizinoari eusteko eta sektoreari ikusgarritasuna emoteko balio izan daualako. Osasun arloan, kezkaz berba egin dabe, batez be, udabarrira begira, ganadua kanpora urtetan diranean sor daitekezan arriskuengaitik. Txertaketearen inguruan, erkidego osoan neurriak bateratu behar dirala uste dabe, kudeaketa eraginkorragoa eta babes handiagoa lortzeko.
Merkaduari jagokonez, gaur egun prezioak nahiko ondo dagozala esan dabe, baina etorkizuna zalantzaz beteta dagoala. Kanpoko inbertsino-funtsak eta ekoizpen handitzeak arriskutsuak izan daitekezala ohartarazo dabe. Horren aurrean, bertoko ekoizpena eta bertoko merkadua indartzea proposatzen dabe, kate osoan bidezko prezioak bermatzeko. Azken urteetan Bizkaian aurrerapausuak emon dirala be nabarmendu dabe, eta bide hori mantentearen alde agertu dira.
Azkenik, merkadu neoliberalaren kontra agertu dira, uste dabelako sistema horrek ez dauala bermatzen bertoko ekoizleen egonkortasuna. Horregaitik, arauak barriro pentsau eta zentzuzkoagoak egin behar dirala defendidu dabe, Euskal Herriko dibertsidadea eta potentziala aprobetxauta.
