Urduñan izango da datorren urtean Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia, Lurra, herria, eskola, ERROTU lelopean. Urduñako Herri Eskolan egin da gaur goizean jaiaren ganeko lehen aurkezpena. Leloa eta irudiaren barri emon dau Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Alkarteak, jaiaren antolatzaileak. Lurdes Imaz bozeroaleak azaldu dauanez, lelo honen bidez lurrean eta herrian txertatua dagoen hezkuntza-eredu publikoa aldarrikatu gura dabe. Urduñako eskolea, eskola txikia da, orain 30 urte eskola publikoa izateko apostua egin ebana.
Eskola Kontseiluak
EHIGE alkarteak, HEIZE edo Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza alkarteagaz batera, Eskola Kontseiluak ebaluatzeko eta hobetzeko tresna aurkeztu dau asteon. Orain abenduan barritzen dira eskola kontseiluak. Ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoak, DBHko ikasleak eta udaletako ordezkariak egoten dira kontseiluetan. Erabagi garrantzitsuak hartzeko organoa da honakoa. EHIGE eta HEIZE alkarteek dekalogo bat sortu dabe kontseiluen lana errazteko. Parte-hartzea sustatu eta erraztea, eskola-komunidadeari entzutea, batzar eraginkorrak eta abegikorrak egitea eta eskola-komunidadeari informazinoa emotea dira lehentasunak. Guzti horretarako konpromisoa hartzea ezinbesteko ikusten dau Lurdes Imazek. Dekagoloa ikastetxeen esku jarri dabe eta eurei jagoke aplikatzea. Ikasturte amaieran, ebaluazino bat egingo da emaitzak ikusteko.