UEUk eta Euskaltzaindiak euskerazko ekoizpen zientifikoa aztertzeko ikerketa-beka abiarazo dabe. Euskaltzaindiak eta UEUk euskerazko ekoizpen zientifikoaren egoeraren inguruko kezka partekatzen dabe eta kezka horretatik abiatuta abiarazo dabe Euskarazko ekoizpen zientifikoa: egoera, azterketa konparatiboa eta etorkizunerako proposamenak prestigioa handitzeko ikerketa-beka, Arantza Aldezabal UEUko ikerketa-arduradunak azaldu deuskunez: “Euskerazko ekoizpen zientifikoa gainbeheran dago”. Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea urriaren 16ra arte egongo da zabalik. Ebazpena urriaren 23rako jakinarazoko da eta jasotzaileak urriaren 26rako baino lehen erabagiko dau beka onartzea.
Gaur egun, oro har eta labur adierazota, artikulu eta aldizkari zientifikoen prestigioa horreek guztiek jasoten daben aipu kopuruaren arabera neurtzen da. Alabaina, aipuen kopuruak ez dau beti egindako ekarpen zientifikoaren balioa behar lez edo behar adina islatzen. Faktore gehiagok be baldintzetan dabe aipu-kopuru hori. Esaterako, artikulu eta aldizkari zientifikoak euskeraz argitaratuz gero, artikuluaren edota aldizkariaren hedapena mugatuagoa da: euskaldunek bakarrik irakurten dabe eta ondorioz, irakurle horreek bakarrik aitatu dezakete. Ondorioz, batzuetan artikulu eta aldizkari zientifikoen balioa gitxiesten da jasoten dauan aipuen kopurua txikia bada. Testuinguru horretan dabilz ikertzaile euskaldunak.
Bitartean, UEUren Inguma Euskal Komunitate Zientifiko-intelektualaren datu-baseak 25 urte bete ditu euskerazko goi-mailako ekoizpena bildu, katalogatu eta eskuragarri jarten. Urte horreetan, euskerazko jakintza eta ikerketa sustetako tresna eraginkorra bihurtu da, komunidadearen ezagutza eta bilgune gisa ekarpen nabarmena eginez.
