"Kanarietako egoereari aurre egiteko kontingentzia plan bat behar da" esan dau EJko Inmigrazino zuzendariak

Euskadin, azken 20 urteetan, migratzaileen kopurua %3,1etik %12,4 izatera pasau da

Xabier Legarreta: “Euskal gizartearentzat inmigrazinoa ez da inoiz arazo bat izan”

Xabier Legarreta (Eusko Jaurlaritzako Inmigrazino zuzendaria) / Bizkaia Irratia

CISek egindako azken neurketearen arabera, espainiar estaduan gaur egun kezkarik edo ardurarik gehien sortzen dauen gaia inmigrazinoa da. “Euskal gizartearentzat inmigrazinoarena inoiz ez da izan arazoa” esan deusku Eusko Jaurlaritzako Inmigrazino zuzendariak Xabier Legarretak gaur Goizeko Izarretan saioan. “CISek kaleratutakoa zoritxarrez ez da sorpresa bat izan” gaineratu dau Legarretak.

Euskadin 275.000 atzerritar bizi dira gaur egun. Migrazinoaren ehunekoa azken 20 urteetan biztanleriaren %3,1 izatetik %12,4 izatera pasau da. Gaur goizean Ikuspegik -Inmigrazinoaren Euskal Behatokiak- Bi hamarkada Euskadiko migrazioari eta asiloari buruz hausnartzen liburua aurkeztu dau eta Legarretak gai honetan Ikuspegik egindako lana azpimarratu dau.

Azken asteetan foko mediatikoa Kanariar uharteetan jarrita dago. “Krisi humanitario larria bizi dabe han. Kanarietatik migratzaile gitxi heltzen dira Euskadira. Euskadin atzerritar edo migratzaileen perfila latinoa da, eta hegazkinez edo autobusez heltzen da” esan deusku Legarretak. Inmigrazinoaren Aldeko Euskal Itunak daukan garrantzia aitatu dau politikari bizkaitarrak. “Migrazino politikak diseinetako euskal akordu horretan alderdi politiko gehienak, alkarteak eta 130 udal baino gehiago dagoz. Akordu zabalak eta erantzukizun partekatua dagoz itun horretan” aitatu dau Eusko Jaurlaritzako Inmigrazino Zuzendariak.

Harrera zentroak

Azken hilabeteetan EAE heltzen dabilzan adin-txikikoen perfila aldatu da. Lehen gazteago heltzen ziran eta orain, asko 17 urtegaz edo ia 18 urtegaz heltzen dira. “Harrera zentroetan gizarteratze prozesuak lantzen hasten dira eta errazagoa da 14-15 urte gazte bategaz etorkizunerako plan bat diseinetan hastea 17 urtegaz heltzen dan bategaz baino” adierazo dau Legarretak. Une honetan Euskadin 800 gazte migratzaile inguru dagoz harrera zentroetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular
w