Zabalako trenbidegileen etxeen historia argazki-erakusketa baten bitartez batu da

269 familia eta 1.200 pertsonarentzako etxebizitzak eregi ziran Bilboko auzo honetan 1926an

Zabalako trenbidegileen etxeen 100 urteko historia, argazkietan

Karmelo Anakabe, Zabala Berri auzo alkarteko presidentea / Bizkaia Irratia

Zabalako trenbidegileen etxeek 100 urte bete dabez, eta urteurren hori baliatu dabe auzune historikoaren balio soziala eta arkitektonikoa ezagutzera emoteko. Argazki erakusketa bat antolatu da Bilboko Udalaren Expodistrito 2026 programearen barruan. Erakusketak auzunearen eta bertako etxebizitzen historia jasotzen dau. Karmelo Anakabe Zabala Berri auzo alkarteko presidenteak proiektuaren historia eta gaur egungo erronkak azaldu dauz Lau Haizetara saioan.

Anakabek esan dauanez, auzunea XX. mendearen hasierako etxebizitza arazoari erantzuteko sortu zan. Garai haretan trenbideetako langile asko baldintza txarretan bizi ziran, eta Trenbideetako Enplegatu eta Langileen Elkarte Orokorrak egoera horri erantzun bat emon gura izan eutsan. Norteko Burdina Bideen konpainiak lursail bi itxi eutsazan proiektuari, Zabalako kalearen alde banatan. Etxe Merkeen legearen babespean, 269 familientzako etxebizitzak eregi ziran, eta danetara 1.200 pertsona ingururi bizileku duina emon jaken.

Auzoaren diseinua Francisco Alonso Martos arkitektoak egin eban. Anakabek nabarmendu dauanez, multzoak Parisek Arte Ederretako eskolaren eragina eta “regionalismo montañés” estiloaren elementuak batu ebazan. Zabala Berri alkarteak 100. urteurrena aprobetxatu dau balio arkitektoniko hau gehiago ezagutarazoteko. Bilboko Udalak auzoari kultur babesa emon deutso dagoeneko, baina alkarteak pausu bat gehiago emotea gura dau. Trenbidegileen etxeak monumentu multzo izendatzea. Izendapen horrek eraikinen kontserbazinoa eta auzoaren urbanizazinoa hobetzeko aukerak zabalduko leukez, Zabala Berri alkarteko presidentearen azalpenetan, batez be irisgarritasun arazoei eta inguruko espazio publikoaren hobekuntzei begira.

Mendeurreneko erakusketea

Trenbidegileen etxeak 1926ko abenduaren 19an inaugurau ziran, eta Miguel Primo de Rivera Espainiako gobernuko presidentea Bilbora etorri zan. Inaugurazinoaren mendeurrena dala eta, Trenbidegileen etxeak mendeurrena (1926-2026) argazki erakusketea antolatu da. Erakusketako materialaren zati garrantzitsu bat Fotolux argazki estudioak egindako irudiek osotuten dabe, Erik Ruanoren bitartez berreskuratu berreskuratu eta digitalizau dira.

Erakusketea San Frantziskoko Udaltegian egongo da ikusgai irailaren 29ra arte. Ondoren Castaños (urriaren 1etik 30era), Errekalde (zemendiaren 3tik abenduaren 4ra arte) eta La Bolsa udaltegietara (abenduaren 9tik 2027ko urtarrilaren 5era) eroango dabe. Horrezaz gain, mendeurrenaren inguruan hitzaldi ziklo bat be atondu dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00