1901eko azaroaren 12an inauguratu zan Gorbeiako lehen gurutzea

Gurutzea eregiteko prozesua zelakoa izan zan gogoratzeko hitzaldi labur bat emongo da

Zeanurik Gorbeiako lehen gurutzearen 125. urteurrena ospatuko dau gaur

Oraingoa Gorbeiako hirugarren gurutzea da / DepositPhotos

Zeanuriko Udalak ekitaldi bat antolatu dau gaurko, Gorbeiako lehen gurutzearen inaugurazinoa gogoratzeko eta 125. urteurrena ospatzeko. Ekitaldia kultur etxean izango da 19:00etatik aurrera. Lehenik eta behin, gurutzea eregiteko prozesua zelakoa izan zan gogoratzeko hitzaldi labur bat emongo da eta proiektua aurrera eroan eben hiru protagonista nagusien lana autortuko da: ideologo eta bultzatzailea izan zan Juan Bartolome de Alcibar Zeanuriko parrokoa; Casto de Zavala arkitektoa eta Serapio Goicoechea eraikitzailea. Bertan izango dira, besteak beste, hiru protagonista horreen ondorengo senitartekoak, Zeanuriko eta Zuiako egungo erretoreak, eta Zuiako eta Zeanuriko udaletako ordezkariak, gurutzea udalerri bietako lurretan eregi zalako, Arkaitz Estiballes Zeanuriko kultura zinegotziak azaldu deuskunez.

Gorbeiako lehen gurutzea —oraingoa hirugarrena da— 1901eko azaroaren 12an inauguratu zan. Aurrekontua 50.000 pezetakoa izan zan, eta erakundeek eta partikular ugarik egindako diru-dohaintzekaz ordaindu zan; esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiak 10.000 pezetako ekarpena egin eban, aurrekontuaren %20; Zeanuriko Udalak 500 pezeta emon ebazan eta Zuiakoak 1.000. Kontuak kontu, abenduaren 12an haize bortziz batek 33 metroko gurutzea bota eban.

Ia urte bi geroago, 1903ko urriaren 1ean, bigarren gurutzearen bedeinkapena ospatu zan. Honek be ez eutson eguraldi txarrari eutsi, eta 1906ko otsailaren 12an erori zan. Urte batzuk geroago, hirugarren bat eregi eben, gaur egungoa, 17 metroko altueragaz eta eiffeliar estiloagaz proiektatu zana.

Zimendatzea indartzeko obra barria

Aurtengo udan, Gorbeiako gurutzearen zimenduak konpontzeko eta hobetzeko obrak egin dira, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek bultzatuta, 167.742 euro inbertiduta. Jardueraren helburu nagusia egituraren oinarria sendotzea eta egonkortzea izan da, hormigoizko eraztun baten bidez. Eraztun horrek babesten ditu egituraren lau zutabeak. Azken zehetasuna perimetro osoa altzairu baltzez inguratzean datza, Gurutzearen kolore berekoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00