BBBko presidenteak uste dau Ibone Bengoetxea Ahaldun Nagusi izateko hautagairik onena dala

Espainiako Kongresuko gaurko Diputazino Iraunkorrean etxebizitzaren inguruko dekretu biak bozkatuko dira

Iñigo Ansola: “Lehenengo dekretua onartuko dogu; bigarrena, ez. Erantzukizuna ezin da jabe txikien gain jarri”

Iñigo Ansola, Bizkai Buru Batzarreko presidentea / Bizkaia Irratia

Aktualidadean eta politikan abiadura bizian gabilz: huelga eguna atzo, zemendiaren 29ko hauteskunde kanpainea hastear da, udabarrian etorriko dira udal eta foru hauteskundeak, etab. Hain zuzen be, honeek eta beste batzuk landu doguz Iñigo Ansola, Bizkai Buru Batzarreko presidenteagaz. Hasteko, atzoko greba orokorraren gaineko balorazinoa egin dau Ansolak: “Huelga egitea eskubide bat da, baina lan egitea erabagi ebenek be lan egiteko eskubidea dauke. Gustau ez jatazan ekimen batzuk ikusi nebazan”.

Eskari bat baino gehiago egoan arren, etxebizitzea eta etxebizitzearen inguruko aldarrikapenak izan ziran nagusi atzoko egunean. Bitartean, Espainiako Kongresuko gaurko Diputazino Iraunkorrean etxebizitzaren inguruko dekretu biak bozkatuko dira: “Lehenengo dekretua onartuko dogu; bigarrena, ez. Erantzukizuna ezin da jabe txikien gain jarri. Persona zaurgarriak babestu behar dira, baina etxe jabe pribaduei, txikiei batez be, bermeak emon behar jakez, etxea alokatzen dabenean kaltetuak ez izateko”.

Bestalde, EAJk Ibone Bengoetxea ahaldun nagusigai eta Ana Otadui Batzar Nagusietako hautagai izendatu ditu. Polemika eta guztiko izendapena izan da Bengoetxearena. Elixabete Etxanobek jakitera emon ebanez, berari jarraituko ebala esan jakon: “Hausnarketak sakonak izaten dira. Uste izan dogu Ibone Bengoetxea hautagai hobea izan leikela. Oso gizarte aldakorrean gagoz, eta esperientzia handiko persona bat behar dogu, Batzar Nagusietako kasuan lez“. Polemikea alde batera itxita, Etxanobe eta Aitor Estebanegaz etxe barruan gauzak ondo dagozala esan deusku BBBko presidenteak: “Alderdi demokratikoa gara, eta afiliau bakotxak dauka boterea. Euren agindua etorten da geure herrialde batzarrera”.

Aurretik, azaroaren 29ko hauteskundeei begiratuta, EAJk talde propioa galdu leikela erakusten dabe inkesta batzuk: “Hain polarizatuta dagoan giro honetan, jakin behar dogu zelako garrantzia dauken hauteskundeek. Garrantzitsua da be Euskadiren interesak benetan nork defendatuko dituan jakitea. EAJ orain dala aspalditik doa Madrilera, eta oso kritikatuak izan gara horregaitik. Nork bermatuko dau ez dala eskubide urraketarik egongo PP-VOX gobernuaren aurrean? Eusko Alderdi Jeltzaleak, ez dago beste aukerarik“.

Amaitzeko, beste gai batzuk hartu dabe protagonismoa. Batetik, Bizkaiko erreforma fiskalari jagokonez, emoten dau sozialistekaz ez dagoala akordiorik osasun aseguru pribaduen eta gimnasioen bonifikazinoekaz eta zuzendarien bonusekaz. Halanda be, alde positiboagaz gelditzen da Ansola: “Akordioa askoz zabalagoa da eta horretan jarri gura dot fokoa, adostasunetan“. Amaitzeko, Euskadiko Futbol Federakundeak Euskal Selekzioaren nazinoarteko ofizialtasuna lortzeko prozesua suspertu dau. EAJk federazinoaren erabagia babestu dau: “Aurton bertan harrimuga garrantzitsua bizi izan dogu Euskal Pilota Selekzioagaz. Lorpena, batez be, EAJri esker izan da. Orain, gurako neuke 2030ko Munduko Futbol Txapelketan Euskadik bere taldeagaz, ereserkiagaz eta banderagaz jokatzeko aukerea eukitea“.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00