
Boisen bihar hasiko dan Jaialdi 2025, euskal diasporaren mundu mailako topagunerik handiena da. Garagarrilaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean ospatuko dan hitzordu honek milaka euskaldun batuko dauz Idaho estaduko uriburuan.
Ziortza Olano Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunidadearen zuzendariak Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, “harrotasuna da sentimendurik handiena”. Boiseko euskal komunidadea bizia, indartsua eta eraikitzailea dala azpimarratu dau Olanok. Bere esanetan, Eusko Jaurlaritzaren presentzia, batez be, antolakuntzako talde-lanean eta babesean oinarritzen da, beti be, bertako komunidadearen ekimena eta protagonismoa errespetatuz. Imanol Pradales lehendakaria Boisen izango da, euskal kulturaren eta diasporako loturen sendotze-lanari bultzada emonez. Olanok azpimarratu dauanez, kultura eta identidadea sendotzeko balio daben ekimen honeek etorkizunerako zubilanak dira.
Boiseko jaialdiak mundu osoko euskaldunak batzen dauz, eta hori da ekitaldiaren handitasuna eta arrakasta. “Ameriketako Estatu Batuetako estadu desbardinetatik, Australiatik, Mexikotik edo Euskal Herritik bertatik etortzen dira, komunidade bizi baten parte sentitzeko eta ospatzeko”, gaineratu dau Ziortza Olanok.