Bizkaian emakumezko taldeak dabezan 50 futbol erakunde dagoz

Athletic Clubak bere baliabide teknikoak Bizkaiko emakumezkoen oinarrizko futbol kluben eta erakundeen esku jarriko dauz
Gari Fullaondo, Lourdes Zorrozua, Lorea Bilbao eta Xabi Arrieta / Bizkaia Irratia

Bizkaiko Foru Aldundiak, Athletic Clubarekin eta Bizkaiko Futbol Federazioarekin batera, bultzatu dau proiektua.  Helburua, emakumezkoen oinarrizko eta eskolako futbolaren egitura sustatzea eta ikusgai jartea da. Bizkaian emakume-taldeak dabezan 50 futbol-erakunde dagoz, eta horreetariko 37k taldea dabe eskola-kirolean.

Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kirol diputaduak ekimena aurkeztu dau honako hauekin batera: Xabi Arrieta, emakumezkoen Athletic Clubaren zuzendaria; Lourdes Zorrozua, Bizkaiko Futbol Federakundeko zuzendaritzako kidea; eta Gari Fullaondo, proiektuaren zuzendaria.

Bilbaok,  azpimarratu dauenez, “Bizkaiko emakumezkoen futbolaren proiektu aitzindaria da, tresna bat da Bizkaiko emakumezkoen futbola bere kabuz garatzeko. Emakume guztientzako eta guztiekin. Baloia da batzen gaituen elementua, eta ekimen honen bidez gure artean partekatu gura dogu, batak besteari pasau”. 

Athletic Clubak bere baliabideak Bizkaiko emakumezkoen oinarrizko futboleko kluben eta erakundeen esku jarriko dauz. Helburua, kategoria modalidade honen praktikari balio erantsia emotea da. 

Halan, proiektuak kirol-klub edo -erakunde bakotxeko teknikariak ahaldunduko dauz eta balioetan eta hezkidetzan oinarritutako kirol-prestakuntzako metodologia ezartzen lagunduko dau. Era berean, ekimenak tresna metodologiko espezifikoak emongo deutsez kirol-klubei euren egitura osorako, bai eta aholkularitza integrala be.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular