Kirolak

Athleticek bosgarren postua berretsi dau Raul Garcia eta Iker Muniainen amestutako agurrean (2-0)

Datorren denboraldian taldearen parte izango ez diran jokalariak partiduko golegileak izan dira
Raul Garcia partiduko lehen gola ospatzen / Athletic Club

Athleticek modu ezin hobean esan deutso agur San Mameseri aurtengo denboraldian. Zuri-gorriek bosgarren postua berresteko garaipena lortu dabe Sevillaren kontrako partiduan (2-0). Gainera, lehoien golegileak Raul Garcia eta Iker Muniain izan dira. Beraz, Athletic itxiko daben jokalariek sartu ditue golak eta arratsaldeko protagonistak izan dira, ezelango zalantza barik.

Hainbat nobedade izan dira hasierako hamaikakoan. Unai Simon deialditik kanpo gelditu da eta Julen Agirrezabalak hasi dau partidua Athleticeko atean. Edozelan be, Bartzelonak 3-0 irabazi deutsanez Rayori, Unai Simonek azkenengo jardunaldian jokatu beharko dau Zamora garaikurra eskuratzeko. Bestetik, Raul Garcia eta Iker Muniain hasieratik izan dira zelaian, lesionauta dagozan Gorka Guruzeta eta Oihan Sanceten ordez.

Hain zuzen be, Raul Garcia eta Iker Muniain izan dira Athleticeko golegileak lehen zatian. 17. minutuan, sekulako gola sartu dau buruagaz Raul Garciak, Oscar De Marcosek egindako erdiraketa on baten ostean. San Mames oindino lehen gola ospatzen egoan bigarrena heldu danean. 19. minutuan, Iker Muniainek Nico Williamsen erdiraketa sareetara bialdu dau.

Bigarren zatiari jagokonez, gauza gitxi gertatu dira futbol ikuspuntutik. Gertakizun nabarmenenak Iker Muniainen eta Raul Garciaren aldaketak izan dira. 63. minutuan, Muniainek bere lekua itxi deutso zelaian Mikel Jauregizarri. Ostean, 81. minutuan Asier Villalibre zelairatu da Raul Garciaren ordez. Gainera, aldaketak egiteko azkenengo leihoan, Aingeru Olabarrietak lehen taldeagaz debuta egin dau. Luiaondon jaiotako jokalari arabarra Lezaman dagozan izarretako bat da.

Athleticek etxean jokatu dauan azkenengo partidua izan arren, azkenengo jardunaldiko norgehiagoka daukie aurretik zuri-gorriek. Lehoiek Vallecasen jokatuko dabe Rayoren kontra. Partidua, printzipioz, zapatuan izango da, gaueko 21:00etan. Edozelan be, azkenengo jardunaldian ez dagoanez ezer jokoan, ordutegi aldaketa egon lei. Aitatutako partiduaren ostean, oporrak helduko dira Athleticeko jokalarientzat. Partiduaren ostean jakin izan dogunez, oporren ostean Lezamara itzuliko diran jokalarien artean Oscar De Marcos egongo da. Atzelariak 2025era arte luzatu dau bere kontratua Athleticegaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular