Yeray Alvarez, Athleticeko jokalariari ebakuntza egingo deutsoe eguazten honetan. Erabagi hori hartu dabe klubeko osasun zerbitzuek eta jokalariak berak, denporaldiko azken txanpan jokatu ezinik ibili ostean. Ondo bidean, Yeray prest egongo da datorren urteko aurredenporaldian parte hartzeko. Yeray Alvarezek lan bikaina egin dau denporaldi honetan baina ezin izan dau parte hartu azken partiduetan, pubiseko mina dala-eta. Tratamendu kontserbadoreak ez dau gaitza osatu eta ebakuntzea egitea erabagi dabe. Azpimarratzekoa da, ebakuntzea Bizkaian bertan egingo deutsoela. Sasoi baten, pubiseko gaitza eukien Athleticeko jokalari guztiak Munichera joaten ziran ebakuntzea egitera. Orain dala urte bi, Yuri Berchiche be jokatu ezinik ebilen pubiseko mina zala-eta, eta ebakuntzea egin eutsoen Parisen.
Gurpegi Bilbao Athleticera
Beste alde batetik, Carlos Gurpegi izango da Bilbao Athleticeko entrenatzailea datorren denporaldian. Andosillakoa Basconia taldeko entrenatzailea izan da azken urte bietan eta mailaz igoteko play offa jokatzeko postuetara eroan dau. Orain dala urte bi, Gurpegi Bilbao Athleticen aulkian egon zan Imanol de la Sotaren laguntzaile lez. Kirol emaitzak ez ziran onak izan eta klubak kendu egin eban kargutik entrenatzailea eta Patxi Salinas ipini eban haren lekuan. Ondorioz, Carlos Gurpegik Bilbao Athletic itxi eta Basconia entrenatzen hasi zan.