Emcumeak proiektua protagonista Juana Bizkarra egonaldi artistikoan

Zelako Kultur Ideien proposamena egoerea antzezten dauan antzerki ikuskizuna da
Emcumeak proiektuaren kartela / Getxoko Udala

‘Juana Bizkarra’ Egonaldi Artistikoaren hirugarren edizinoko epaimahaiak «eMcumeak» proiektua hautatu dau ekimenaren 3. edizinoan. Zelako Kultur Ideiak-en euskarazko antzezlan honek euskal emakume sortzaileen errealitatea erakustea dauka helburu eta, horretarako, umorea, berba-jokoen erabilerea eta diziplina artistiko anitzak erabilten dabez. Proiektua abian jartzeko egonaldia irailaren 4tik urriaren 1era bitartean izango da, Muxikebarri zentroan. Bertan be, irailaren 30ean eta urriaren 1ean erakutsiko jako publikoari eta, irailaren 29an, jendaurreko entsegua izango da.

Lan horren helburua da euskal emakumeen sorkuntzaren errealidadea eszenatokian jartea eta, aldi berean, kulturearen sektorean indarrean dagoan androzentrismoa agerian iztea, kritikari eta eztabaidari ateak irekiz eta emakumeek sortutako euskal ondare eszeniko eta kulturala transmititzen lagunduz. Horretarako, sortzaileak umore absurduaz baliatzen dira, eta diziplina aniztasunaren aldeko apostua be egiten dabe, antzerkia, musika, bertsoak eta ikus-entzunezkoak uztartzen baitira, berba-jokoak bezalako baliabideak ahaztu barik. Olatz Beobide arduratzen da zuzendaritza artistikoaz eta María Rivero eta Itxaso Paya aktoreek antzeztuko dabe lana. Halaber, sormen prozesuan, Harkaitz Cano eta Katixa Agirre egileek parte hartu dabe.

Antzezlanak, emakume sortzaileak kontratatzeko agentzia bat uztea erabakitzen daben bi emakumeren istorioa kontatzen dau, enpresa hori emakumeen sorkuntzaren bultzadaz baino etekin ekonomikoez kezkatuago dago eta. Hori dala eta, protagonistek bere agentzia sortuko dabe, baina, lehengo enpresatik jasotzen daben jazarpena dala eta, bi emakume ekintzaileek komunikatu bat zabaltzea erabaki dabe, egoerea salatuz, eta, aldi berean, sortzaile barriak aurkitzeko ‘casting’ bat abiaraztea. Beste agentziak ez dau proiektu honekin amaitzeko saiakerea etengo. Horretarako, mota guztietako amarruak erabiliko dabez: detektibe pribatu bat kontratatu eta castingean sator bat infiltratuko dabe, ekimena zapuzteko trapu zikinak aurkitzeko asmotan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00