2023ko garagarrilaren 29a egun historikoa izan daiteke Euskal Pelotarentzat, Euskadiko Euskal Pelota Federakuntza Nazinoarteko Euskal Pelota Federazinoko eskubide osoko kide bihurtu ahal dalako. Ez da lehen aldia Euskal Federazinoak Nazinoarteko Federazinoko eskubide osoko kide izatea eskatzen dauana, 1994. eta 2002. urteetan egin baitzuen, arrakastarik gabe. Oraingo honetan, eskaereak ibilpide luzeagoa izatea espero da, Espainiako legedian, onartu barri den 39/2022 Legearen bidez alegia, eskaerea hori egitea errazten eta bermatzen baidau.
Nazinoarteko Federazinoak Euskal Federazinoak onar dezan, beharrezkoa da estatutuen aldaketea onartzea; izan be, gaur egun, 10. Artikuluaren A puntuak honako hau dino “Nazinoarteko Federazinoko kide izango dira Nazinoarteko Erkidegoak estatu subirano/independente gisa aitortutako herrialdeetako federazino nazionalak, baldin eta beren Gobernuaren onarpen ofiziala badaukate, eta, osagarri gisa, dagokien Batzorde Olinpikoarena, edo dagozkien beste organo batzuena, bai eta beren herrialdeetako pelota-kirolaren kontrola eta diziplina be”. Estatutu aldaketea hau Frantzia, Mexiko eta Argentinako federazinoek bultzatu dabe. Eskaereak aurrera egin dezan, baldintza hauek bete behar dira:
- Horretarako, beharrezkoa da bileran emon ahal diran botoen erdiak parte hartzea. Guztira 76 boto dira (Argentina 8, Bolivia 4, Txile 7, Costa Rica 4, Kuba 9, El Salvador 1, Espainia 9, Frantzia 9, Guatemala 3, Haiti 1, Italia 3, Mexiko 9, Peru 2 Uruguai 4 eta Venezuela 3), beraz, 38 boto biltzen dabezan kideek parte hartu behar dabe.
- Estatutu aldaketa. Aldaketea hori onartzeko, beharrezkoa da boto-eskubidea daukaten bertaratuen 2/3k aldeko botoa emotea.
- Euskadiko Federakuntza onartzea. Behin estatutu aldaketea onartuta, beharrezkoa da boto- eskubidea daukaten bertaratuen 2/3k aldeko botoa emotea.
Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak, NEPFren estatutuetako 14. artikulua betez, NEPFko eskubide osoko kide izateko eskaerea defendatzea eskatu dau ez-ohiko batzar orokor horretan, bere ordezkari baten bitartez. Enaitz Olaeta Astigarraga, Bizkaiko Euskal Pilota Federazioko presidentea eta EEPFko Zuzendaritza Batzordeko kidea, izango da garagarrilaren 29ko ez-ohiko batzarrean EEPFren interesak defendatzeko arduraduna.
NEPFko eskubide osoko kide izateko, EEPFk egindako eskaeraren defentsa, honako lau arrazoi hauetan oinarrituko da:
- Identitarioa: euskal gizarteak, bere arbasoek asmatutako kirol batean, ofizialki ordezkatua izatea nahi dau. Kirol hau aspalditik daramagu odolean, eta uste dogu eskubide osokoa dsla aitzindari horiek eta, oro har, euskal gizarte osoa ofizialki ordezkatu ahal izatea gure izena daraman nazinoarteko erakunde batean.
Elkartasuna, errespetua, etika, erantzukizuna, inklusioa, zintzotasuna eta tolerantzia dira gure gizartearen, federazioaren eta gure kirolari eta teknikarien nortasun-ezaugarriak.
- Lehiakorra: EEPF beste hiru lurralde-federazinok osatzen dabe (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta guztien artean 200 klub eta 6.200 kirolari baino gehiago dauzkate. Hori dela eta, NEPFak antolatzen dauzan nazinoarteko txapelketetan, Euskal Pelotako espezialitate guztietan parte hartuko lukete, kategoria absolutuan zein gainerako kategorietan. Honek, txapelketea horien lehia-maila handitzea ekarriko luke, eta, ondorioz, ikuslearentzako erakargarriagoak izango lirateke.
- Ekonomikoa: Bere ingurunearekin konprometitutako gizarte bati esker, Euskal Herria lurralde aurreratua, modernoa eta ahalmen ekonomiko handikoa da. EEPF NEPFan sartzeak Euskal Pelota nazinoartean bultzatzea ekarriko luke, eta NEPFko kide guztiek jasoko lukete horren onura. Horrez gain, frontoi, trinketa, plaza eta teknifikazino zentro ugari dauzkagu Euskal Pelota praktiketako, NEPFko kide guztien zerbitzura egon daitezkeenak. Bizkaian egoitza izango dauan 2030ko Euskal Pelotako Munduko txapelketea da gure kirola nazinoartean sustatu nahi dogunaren adibiderik garbiena (oraingoz ofizialki ordezkatua ez egon arren) eta gure inklusioarekin, Euskal Pelotako Munduko txapelketeak, orain arte ikusi ez dan maila hartuko luke.
- Legala: Jakina da ez dala Euskadiko Euskal Pelota Federakuntzak eskaerea hau egiten dauan lehen aldia, baina oraingo honetan kirolaren 39/2022 lege onartu barriak bermatzen dau, 48. artikuluaren bigarren puntuan, honako hau baitio:
“Hala eta guztiz be, autonomia-erkidegoko kirol-federazinoek zuzenean parte hartu ahal izango dabe nazinoarteko esparruan, baldin eta kasuan kasuko nazinoarteko federazinoak parte hartzea aurreikusten badau, beti be autonomia erkideko horretako historian eta gizartean errotuta dagozan kirol-modalitateen edo espezialitateen kasuan edo federazino autonomikoa nazinoarteko federazino bateko kide izan bada dagokion Espainiako federazinoa eratu aurretik. Kasu horietan, autonomia-erkidegoko kirol-federazinoak nazinoarteko lehiaketea ofizialetan parte hartuko dau Kirol Kontseilu Gorenarekin adostu ondoren. Akordio horren bidez, federazino autonomikoa nazinoarteko federazinoan integratzeko laguntza bateratua emongo da “.
NEPFren ez-ohiko batzar orokorra amaitutakoan, bozketaren emaitzaren barri emongo da eta EEPFk Mexiko Hirian gertatutakoaren inguruko komunikatu bat igorriko dau bere webgunean eta sare sozialetan.